Domusa Teknik 40 MLK probaren ibilbidearen bigarren zatia ezagutzeko entrenamendua egingo dute hilaren 22an

Julene Frantzesena 2025ko mar. 13a, 08:00

Hainbat lagun ibilbidearen lehen zatiaren entrenamendu saioa hasi berritan, Erdikalearen barrenean. (Alberto Beloki)

Mandubia eta Azpeitia artean egingo dute entrenamendu saioa; partaideek 31 kilometroko ibilbidea gauzatuko dute. Zabalik dago entrenamenduan parte hartzeko izena emateko epea. Herritarrek bost euro ordaindu beharko dute parte hartu ahal izateko.

Domusa Teknik 40 MLK proba gerturatzen ari da, eta haren atarian, ibilbidearen bigarren zatia ezagutzeko parada izango dute hala nahi duten herritarrek. Izan ere, hilaren 22an, larunbatez, Mandubia eta Azpeitia artean egingo dute entrenamendu saioa.

Partaideek 31 kilometroko ibilbidea gauzatuko dute –Izarraizko Atera arte egiten dutenek hogei kilometro–. Erritmo desberdinetako taleak osatuko dituzte entrenamendua egiteko, eta azken taldearen erritmoa lasterketaren mozketa denboraren araberakoa izango da.

Mandubiara autobusez joango dira lasterkariak, 07:45ean anbulatoarioaren aurretik irtenda. Parte hartzeko bost euro ordaindu beharko dute, autobusean bertan, eta zenbateko hori ordainduta autobusaz ez ezik, fante gelaz eta anoa guneaz baliatu ahal izango dira. Gainera, entrenamendua amaitzean Sanagustin kulturgunean pintxoaz eta tragoaz gozatu ahal izango dute.

Izena emateko epea zabalik dago dagoeneko; herritarrek Lagun Onak mendi bazkunaren webgunean eman ahal izango dute izena martxoaren 20ko 20:00ak baino lehen.

Aurreneko entrenamendu saioa martxoaren 2an egin zuten hainbat lagunek. Orduan ibibidearen lehen zatia gauzatu zuten, Azpeitia eta Mandubi artekoa.

Domusa Teknik 40 MLK proba maiatzaren 10ean izango da. Aurtengoa lasterketaren laugarren edizioa izango da, eta 15 MLK probaren bigarrena.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide