Baigera jubilatuen eta pentsiodunen batzarrak atzo arratsaldean egin zuen bazkideen urteko batzar nagusia, Basazabal jauregian.
Zuzendaritza batzordea berritzea erronka bihurtu zaio elkarteari, batzorde horretan dauden askok berezko epeak aspaldi gainditu zituztelako; eta hori izan zuten atzo, azken urteetan bezala, gai zerrendako puntuetako bat. Zuzendaritzan kide berri bat sartuko dela jakinarazi zuten atzoko batzarrean, baina lehendik zeuden beste hiruk utzi egingo dute batzordea; horrenbestez, zortzi kide izatetik sei izatera pasatuko da Baigeraren zuzendaritza.
Gainerakoan, 2024ko memoria eta kontuak onartu zituzten bazkideek atzo Basazabalen, baita 2025erako aurreikuspenak ere. Urte honetako kontuei dagokienez, onartu dute bazkide kuota 10 eurotik 13ra igotzea –iaz ez zuten eguneratu–, aktibitate fisikoen ikastaroen prezioa 22 eurotik 26ra (yoga, gimnasia, pilates, zumba eta dantza) igotzea, eta egun bateko ibilaldiena, irteeraren arabera, 40 edo 45 eurotan jartzea.
Jubilatuen Asteari begira ekintza berriak aztertzekotan gelditu ziren atzoko batzarrean, baita urtean zehar beste ekintza batzuk egitearen aukera ere; 90 urtekoen omenaldi bazkaria, berriz, aurten ere Azoka Plazan egitekoak dira. Era berean, 2024an KZgunearekin Baigeran bertan egindako ikastaroaren harrera ona ikusita, aurrera begira esperientzia errepikatzea onetsi zuten.