Innpalako palista profesionalek grebara joko dute kontratuak luzatzen ez badizkiete

Maialen Etxaniz 2025ko mar. 17a, 16:15

Oier Alkorta (behean, ezkerrean), Asier del Rio, Jagoba Madariaga, Pablo Fusto, Roman Maldonado, Esteban Gaubeka, Ibai Perez e IƱaki Urrutia palistak atzoko agerraldian. (ELA)

Innpala enpresak haren plantillako kirolarien kontratuak berritzen ez baditu, palistek greba egingo dute ostiralean, Urrezko Pala Pro txapelketaren azkenaurreko jardunaldian. Protestarekin bat egin duten palisten artean dago Oier Alkorta azpeitiarra. Kirolariek "lan baldintza duinak" aldarrikatu dituzte eta "sektorearen prekarietatea" salatu dute. ELA sindikatuak lan kontratuak berritzeko eskatu dio enpresari. 

ELA sindikatuarekin batera, Innpala enpresako palista profesionalek, tartean Oier Alkorta azpeitiarrak, grebara joko dute ostiralean, martxoaren 21ean, kontratuak luzatzen ez badizkiete. Izan ere, Bizkaiko Innpala enpresak otsailaren 28an jakinarazi zuen ez zela aurkeztuko hurrengo lizitaziora, eta kirolarien kontratuak zalantzan daude. Horrek kezka eragin du plantillan, eta kirolariek "lan baldintza duinak" aldarrikatu dituzte. Auziaren erroan Innpalaren erabakia dagoen arren, azken asteetan enpresaren aldetik jasotako hainbat neurrik ere sortu dute haserrea kirolarien artean. Oier Alkorta, Asier del Rio, Jagoba Madariaga, Pablo Fusto, Roman Maldonado, Esteban Gaubeka, Ibai Perez eta Iñaki Urrutia palistek agerraldia egin dute asteburuan ELA sindikatuaren eskutik, eta bertan aletu dituzte auzi guztiak.  

ELAk salatu du Inppala enpresa langileak kaleratzen ari dela, sektoreko hurrengo enpresari "plantilla sendo bat" utzi beharrean. Horren aurrean, ELAk lan kontratuak berritzeko eskatu dio enpresari, kudeatzailea den azken egunera arte. Hain zuzen, ELAk gogorarazi du, esleipen berri bat egin arte, Innpalak zerbitzua kudeatzen jarraitu behar duela, eta, horregatik, kontratuak luzatzeko "betebeharra" duela. Lizitazio berriak datarik ez duenez, palistak haien etorkizunaren eta kirolaren etorkizunaren beldur direla azaldu du sindikatuak. Horregatik, bilera bat eskatu dio Bizkaiko Foru Aldundiari, lizitazio berriaren epeak argitzen saiatzeko. Hala ere, ELAk azaldu du oraindik ez duela erantzunik jaso.

Palistek salatu dute, gainera, azalpenik eman gabe Innpalak debekatu egin diela Bizkaia pilotalekuko leihatiletara eta gimnasiora sartzea. Baliabide horiek kirolarien eguneroko jardunerako "ezinbestekoak" direla azpimarratu dute. Debeku horren aurrean, ELAk dagoeneko jarri du demanda Lan Arloko Epaitegian. Horrenbestez, ELAk proposamena egin dio Innpalari: martxoaren 20an, greba deialdiaren bezperan, Lan Harremanen Kontseiluan (LHK) esertzea eta kontratu guztiak luzatzea.

Kirolariek, haien aldetik, "lan baldintza duinak" aldarrikatu dituzte: gutxieneko soldata, enpresak lanerako materiala ematea eta entrenatzeagatik ordaindu behar ez izatea; izan ere, Bizkaia pilotalekuko aparkalekua ordaindu behar izaten dute entrenamenduak egiten dituzten bakoitzean. Laneko osasun baldintzak bermatzeko eta partidetan anbulantziak egoteko ere eskatu dute. 

Oier Alkortak 2022an egin zuen debuta profesionaletan. Orduz geroztik txapelketaz txapelketa aritu da pala atzelaria, eta azken urtean Innpalarekin aritu da. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide