Euskaraldia 2025

Euskaraldirako izena emateko mahaiak jarriko dituzte bihar eta etzi

Nerea Uranga 2025ko mar. 20a, 10:57

2022ko Euskaraldiko izena emateko postua plazan.

Sanjuandegin jarriko dute mahaia bihar, ostirala, eta igandean, Soreasun, Euskelelea musika eta dantza emanaldirako sarreran. Ahobizi edota belarriprest gisa eman dezakete izena herritarrek, baita Euskaraldia Hikan ere.

Euskaraldian, hizkuntza ohiturak euskarara ekartzeko maiatzaren 15etik 25era egingo den ariketa sozialean, parte hartzeko norbanakoek izena emateko epea joan den larunbatean zabaldu zuten. Ahobizi edo belarriprest gisa eman dezakete izena herritarrek, eta baita Euskaraldia Hikan ere.

Internetez Euskaraldia.eus webgunean eman daiteke izena, baina aurrez aurre izena eman nahi dutenentzat bihar ostirala eta etzi igandea mahaiak jarriko ditu Euskaraldia antolatzeko Azpeitiko batzordeak.

Bihar, ostirala, Sanjuandegin jarriko dute Euskaraldian izena emateko mahaia, 18:00etatik 20:00etara. Igandean, berriz, Euskelelea musika eta dantza emanaldiaren aurretik, 16:30etik 17:30era, Soreasu antzokian egongo da Euskaraldidian izena emateko aukera.

Hurrengo bilera, martxoaren 27an

Euskaraldia antolatzeko Azpeitiko batzordearen hurrengo bilera martxoaren 27an, osteguna, izango da 18:00etan, Basazabal jauregian. Herritar guztientzako bilera irekia da, eta nahi duten guztiek bertan parte hartzeko aukera dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide