Azpeitiko Udalak martxan jarri du aurtengo sorkuntza beken deialdia, eta aurten ere 20.000 euro bideratuko ditu artisten sormenera. Iazko gisan, 12.000 euro bideratuko ditu erakundeak kultur sorkuntzetara; eta, aldiz, 8.000 euro kultur sorkuntzen egonaldietara –4.000 euroko bi beka banatuko ditu–. Sortzaileek apirilaren 20ra bitartean aurkeztu ahal izango dituzte proiektuak.
Beken helburua da kulturaren eremuren batean lanean aritzen diren pertsonei sorkuntza prozesuan laguntzea. Artisten irudimenetik eratorritako lanak bultzatzea dute xede bekek; hain zuzen ere, musika, pintura, eskultura, literatura obrak, antzezlanak, ikus-entzunezkoak, komikiak, soinu konposizioa, dantza edo beste diziplinaren batekin lotutako lanak gauzatu ahal izango dituzte herritarrek beken bidez.
Baldintza hainbat
Beka deialdira proiektuak aurkezteko 16 urtetik gora izan beharko dituzte herritarrek, eta Azpeitiko Udalak dirulaguntzak emateko eratutako ordenantza arautzailearen hamargarren artikuluan jasotako baldintzak bete beharko dituzte. Gainera, sorkuntza egonaldiek, gutxienez, sei astekoak izan beharko dute.
Halaber, udalak zehaztu ditu beka ukatzea eragin dezaketen arrazoiak ere: ibilbide luzeko artista izatea (arlo jakin batean 5 urtetik gorako eskarmentua edukitzea), kultur arloren batetik urtean 28.000 euro gordin baino gehiagoko diru sarrerak eskuratzea, eskaera egiten duena elkarte bat izatea, aurreko deialdietan sorkuntza bekaren onuradun izatea (proiektua diziplina berekoa bada) eta proiektuak indarkeria bultzatzea edo indarkeria motaren bati apologia egitea.
Bekaren oinarriei eta aurkeztu beharreko dokumentazioari buruzko informazio guztia honako lotura honetan eskura daiteke.
Azalpen saioak
Azpeitiko Udalak Kulturaz kooperatibaren laguntzarekin banatzen ditu sorkuntza bekak. 2017an hasi ziren horiek bekak banatzen, eta urtez urte deialdia indartu egin dute. Aurten, gainera, bekaren gaineko azalpenak emateko bi saio antolatu ditu Kulturazek: datorren ostegunean (martxoaren 27an) izango dira, 15:30ean Dinamoa sormen gunean eta 17:00etan online.
Azalpen saio horietan proiektuak aurkezteko, irizpideak ezagutzeko eta dituzten zalantza guztiak argitzeko aukera izango dute sortzaileek. Parte hartzeko, honako galdetegi honetan eman behar da izena.
Erakusketa, zabalik
Iaz bekak jaso zituzten sortzaileek joan zen larunbatean aurkeztu zituzten emaitzak, eta haien lanak ikusgai daude Betharrametako areotan. Igandera arte egongo da irekita erakusketa; gaur, 18:00etatik 20:00etara; eta bihar eta etzi, 12:00etatik 14:00etara.