Astelehenean haizatu zuten txupinazoa Gaztetxeko kideek eta, geroztik, Gazte Astean murgilduta dago Azpeitia. Arratsaldero antolatu dituzte ekintzak eta, atzokoan, hausnarketarako tartea izan zuten. Emakume langileok lehen lerroan egotearen beharrezkotasunaz aritu ziren solasean 18:00etatik aurrera.
Gaur, 17:00etatik aurrera, mus txapelketa egingo dute Gaztetxean, eta parte hartu nahi ez dutenek futbolinean aritzeko aukera izango dute. Bihar iluntzean, ohi bezala, parrillada eta parodia egingo dituzte.
Larunbatean, Gazte Egunean, Xoxoteko igoeraren txanda izango da, eta antolatzaileek izena emateko postua jarriko dute plazan gaur eta bihar. Horrez gain, Haginpe tabernan jarriko duten zerrendan izena emateko aukera dago.
Egun berdinean, 15:00etan hasita, bazkaria egingo dute Azoka Plazan. Gauean kontzertuen txanda izango da, eta emanaldi bana eskainiko dute Enbata, Lorade, Hauek eta Mirabe musika taldeek. Sarrerak bost euro ordaindu beharko dira.