Parrillada baten bueltan afaldu ostean, umorerako eta parodiarako tartea izan zuten atzo iluntzean Gaztetxeko kideek. Gazte Astea ospatzen ari dira pasa den astelehenetik, eta gaur amaituko da.
Gaur, Gazte Eguna ospatuko dute, ekintzaz bete duten asteko egun handia. Atzoko ajearekin ala ez, mendian hasiko dute eguna, Xoxoteko igoerarekin. 10:00etan abiatuko dira plazatik, eta 900 desnibel eta 4 kilometroko ibilbidearen ostean, hamaiketakoa egingo dute Xoxoten.
Tontorrean elkartasun argazkia egin ostean, herrira bueltatuko dira eta Azoka Plazan bazkalduko dute elkarrekin. Lasterketaren irabazleei sariak banatuko diete bertan, eta festara egingo dute gero: karro poteoa egingo dute 17:30ean, eta Gaztetxean kontzertuak izango dira 21:00etatik aurrera: Hauek, Enbata, Lorade eta Mirabe taularatuko dira.