Xoxoteko tontorrera iritsita, festaren gailurrera egingo du Gazte Egunak

Maddi Txintxurreta 2025ko api. 12a, 13:13

36 lagunek parte hartu dute Gazte Asteko azken eguna abiatu duen Xoxoteko igoeran. Arratsaldean, festan murgildu dira gazteak: bazkaria, karro-poteoa eta kontzertuak izango dituzte.

Euriaren mehatxuak ez ditu kikildu 10:00etan Azpeitiko Plazan batu diren korrikalariak, eta suziriak eztanda egin duen unean, gogoz aurre egin diote Xoxoteko igoerari, eguzkia lagun azkenean. Guztira, 36 pertsonek parte hartu dute gaur Gazte Egunaren hasiera eta astelehenean abiatu zuten Gazte Astearen hondarra iragartzen duen lasterketan.

Bizkor egin dituzte batzuk ibilbide maldatsuaren 4 kilometroak (900 metroko desnibelarekin), eta aurpegi larriarekin ailegatu da bat baino gehiago helmugara, han animatzen zegoen taldeak lagunduta. 

Azpeitiko Plazatik gailurrerako bidea 32 minututan egin du lehenengo korrikalariak, Ibon Badiolak, eta 33. minutuan helmugaratu dira Oier Etxeberria eta Iosu Urrutia, bigarren eta hirugarren sailkatuak. Saria, ordea, korrikalari guztiek jaso dute: hamaiketakoa Xoxoteko tontorrean.

Parte hartzaileek eta korrikalariak animatzera azaldu diren herritarrek gaztetxeen aldeko elkartasun argazkia egin dute gailurrean eta, horren ostean, herrira itzuli dira.

Arratsaldea festarako gordeta

Mendi bueltan ez dute energia akitu gazteek, eta festarako giroa piztu dute arratsaldean, 15:00etan Azkoka Plazan bazkaldu ostean. 17:30ean karro-poteoa egin dute Alde Zaharrean zehar, eta gauean, 21:00etan hasita, hainbat kontzertu izango dira Gaztetxean: Hauek, Enbata Lorade eta Mirabe taldeak oholtzaratuko dira.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide