Txakurrak solte ibiltzeko hiru gune izango ditu Azpeitiak

Mailo Oiarzabal 2025ko api. 23a, 09:09

Garmendipeko anexoaren gainaldean; Enparanzelai etxearen, bidegorriaren eta errepidearen artean; eta Loiolabiden, ibai ertzeko pasealekuan egokituko ditu guneok udalak. Aurreneko biak gune itxiak izango dira, baina ibai ertzekoa ez.

Martxoaren 31n txakur jabeekin batzartu, esku artean zituen asmoak azaldu eta haien ekarpenak jaso ondoren, txakurrak solte ibiltzeko herrian hiru gune egokituko dituela jakinarazi du orain Azpeitiko Udalak. Maiatzean hasiko dituzte txakurrentzako guneak egokitzeko lanak, eta ekainerako amaituta izatea aurreikusten du erakundeak.

Garmendipeko anexoaren edo goiko futbol zelaiaren eta saihesbidearen arteko zelaian; Enparanzelai etxearen, Azpeitia eta Lasao arteko bidegorriaren eta errepidearen artekoan; eta Loiolabiden, Urola ibaiaren ertzeko pasealekuan, egokituko ditu txakurrentzako hiru guneak udalak.

Garmendipe eta Enparanzelai ondokoak hesitutako guneak izango dira, baina ibai ertzekoa ez. Itxiturarekin. Udalak azaldu duenez, "txakurrentzako zenbait jolas, iturria, zaborrontziak eta jabeak eserita egoteko eserlekuak" jarriko dituzte itxitura izango duten bi guneetan, eta horien barruan "korrika eta jolasean solte ibiltzeko aukera" izango dute txakurrek. Loiolako Ignazio etorbideko ibai ertzeko gunean ere beren animaliak solte ibiltzeko aukera izango dute txakurjabeek, baina gainerako herritarrekin partekatuko dute espazioa. Itxiturarik edo hesirik ez dute jarriko hor, ibai ertzean Martin Arrantzalea babesteko jarritakoa salbu.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide