Igande arratsaldean jokatuko du Iraurgik Lehen Maila FEB ligarako igoera faseko aurreneko neurketa

Mailo Oiarzabal 2025ko api. 23a, 12:09

Joan den asteburuko Biele ISB-Zornotza partidako jokaldi bat. (Mikel Amenabar)

Azpeitiko kiroldegian hartuko du BIele ISBk Sant Antoni, 18:00etan, Bigarren FEBeko play-off-etako final zortzirenetako joanekoan.

Saskibaloiko Espainiako Bigarren FEB ligaren fase erregularra joan de asteburuan itxita, datorrenean ekingo dio Biele ISBk Lehen Mailara igotzeko faseari.

Eivissako (Herrialde Katalanak) Sant Antoni izango da Iraurgikoen aurkaria play-off-etako final zortzirenetan, eta joaneko partida igande honetan jokatuko dute. Etxean ariko da Biele ISB, Azpeitiko kiroldegian, 18:00etan hasiko den neurketan.

Iraurgi Saskibaloiaren gizonen talde nagusiak Mendebaldeko multzoaren zortzigarren postuan bukatu du ligaren fase erregularra, igoera fasean aritzeko aukera ematen zuen azken tokian, beraz. Eivissako taldea, aldiz, bigarrena izan da Ekialdeko multzoan. Beraz, pronostikoetan Sant Antonikoak dira kanporaketa gainditzeko faborito nagusiak, baina "amets" egiteko gonbita egin die zaleei Azkoiti-Azpeitiko klubak sare sozialetan: "2021ean lortu genuen. Zilarrezko LEB ligatik Urrezko LEB ligara igo ginen. Lau urte geroago, berriz zergatik ez?".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide