Bihar irekiko dute berriro Sanjuandegiko Baigera

Mailo Oiarzabal 2025ko api. 23a, 16:23

Baigera II lokala kanpotik, artxiboko irudian. (Azpeitiko Udala)

19:00etatik 21:00etara bertaratzen diren guztien artean pintxoak banatuko dituzte. Baigera II-ko tabernaren ardura hartu duen lantaldeak "luzaro irautea" espero du jubilatuen elkarteak.

Baigera jubilatuen elkartearen Sanjuandegiko egoitzak, Baigera II-k, bihar irekiko ditu berriro ateak, eta irekierara gonbidatu nahi ditu herritarrak Baigerak: 19:00etatik 21:00etara bertaratzen diren guztien artean pintxoak banatuko dituztela aurreratu dute.

Azken urteetan gorabehera asko izan ditu Baigera II-ko taberna-jatetxearen kudeaketak, eta tarte luzeak egin ditu itxita jubilatuen Sanjuandegiko lokalak. Udalak hainbatetan atera du ostalaritza zerbitzuaren kudeaketa lehiaketa publikora; azkena, joan den urtarrilean. Batzuetan esleipendunek hilabete gutxi iraun dutelako, besteetan lehiaketa hutsik gelditu delako, jarraipenik ez du izan Baigera II-ren jardunak, eta egoera hori aldatzea espero dute Baigeraren arduradunek. "Ea luzaro irauten duen bihar hasiko den lantaldeak. Denon laguntzarekin eta parte hartzearekin, seguru errazagoa izango dela", adierazi dute, biharko gonbita egitearekin bat.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide