Maiatzaren 15etik 25era bitartean egingo da Euskaraldia euskararen erabileran eragiteko ariketa soziala Elkar mugituz egingo dugu lelo hartuta. Laugarren edizioa da, eta oraingoan ere, ahobizi nahiz belarriprest gisa eman daiteke izena, Euskaraldia.eus webgunean. Datozen egunetan Azpeitiko plazako arkupeetan jarriko duten txapak banatzeko postuan ere eman ahalko da izena.
Dagoeneko izena eman dutenei txapak banatzen datorren ostiralean hasiko dira Azpeitian. Hain zuzen ere, txapak banatzeko nahiz Euskaraldian izena emateko postua lau egunetan jarriko du Euskaraldiaren Azpeitiko antolaketa taldeak Sanagustinpeko arkupeetan. Honako egunetan egongo da mahaia:
- Maiatzak 9, ostirala: 18:00etatik 20:00etara.
- Maiatzak 12, astelehena: 16:00etatik 18:00etara.
- Maiatzak 13, asteartea: 10:00etatik 12:00etara.
- Maiatzak 14, asteazkena: 17:00etatik 19:00etara.
Bestalde, Euskaraldia Azpeitian antolatzeko taldea bihar, asteartea, bilduko da 18:00etan, Basazabal jauregian. Antolaketan parte hartu nahi duten edozein herritarrentzako bilera irekia da.