Zamorako (Espainia) Recoletas taldearen kantxan jokatuko du Domusa Teknik ISBk datorren zapatuan, hilak 10, LF Challenge ligatik Espainiako saskibaloiaren maila nagusirako igoera play-off-aren lehen kanporaketaren itzulerako partida, eta taldea babestera joan nahi duten zaleentzat autobusa jarriko du Iraurgi Saskibaloiak. Joan den zapatuan, joaneko partidan, 59-62 nagusitu zen Zamorako taldea Azkoitiko Elkargunean. Bizi-bizirik dago, beraz, final zortzirenetako kanporaketa; irabazten duenak igoerako lauko finala jokatzeko txartela eskuratuko du.
Zapatuan 19:00etan hasita jokatuko duten itzulerako neurketan erabakiko da dena, eta klubak Gaztela Leongo hirira joan nahi dutenentzat garraioa prestatu du. Zapatuan bertan egingo dute joan-etorria: 12:30 aldera irtengo da autobusa Azpeiti-Azkoititik, eta partida amaitutakoan ekingo diote bueltako bideari.
30 lagun, gutxienez
Autobusa jartzeko, hori bai, gutxienez 30 lagunek eman behar dute izena; etzi, osteguna, 15:00ak arte eman daiteke izena, 688 65 71 19 telefono zenbakira deituta.
Autobusa gehi sarrera ordaintzeko, 20 euro jarri beharko dituzte Zamorara joatera animatzen direnek.