Hilaren 18an, gaur zortzi, izango da aurtengo Txalintxoko Eguna, eta urtero bezala, hara ibilaldia antolatu du Lagun Onak mendi bazkunak. 09:00etarako jarri dute hitzordua, plazan, handik mendira abiatzeko.
Ohi bezala, goizeko ibilaldia izango da, eta txangoa haurrek egiteko modukoa dela jakinarazi du Lagun Onakek. Tontorrean, salda beroa izango dute ibilaldian parte hartzen duten herritarrek, eta musika ez da faltako gurutzearen inguruan.
Txalintxoko Egunaren ostean, Udaberriko Mendi Astea iritsiko da. Maiatzaren 20tik 22ra bitartean egingo dute, eta aurtengoan, mendiari lotutako hiru saio izango dira Lagun Onak mendi bazkunak antolatutako egitarauaren barruan: maiatzaren 20an, Mendi Tour jaialdiko filmak emango dituzte, 19:00etan hasita, Soreasu antzokian. Hurrengo egunean, Isiltasunetik, munduari begira dokumentala emango dute ordu eta leku berean. Azkenik, maiatzaren 22an, Ama Dablam gailurrera egindako espedizioaz ariko da solasean Mikel Agirre azpeitiarra, 19:00etan hasita, Mendietxe museoan.
Aste horretako igandean, hilaren 25ean, Xoxoteko Egunarekin itxiko dute mendiari eskainitako asteari. 09:00etan plazatik abiatuko dira Izarraitzeko tontor horretara, eta goian, 12:00etan, meza izango da. 12:45ean lore eskaintza egingo dute mendian hil diren herritarren omenez, eta 13:00etan, dominak banatuko dizkiete Lagun Onak mendi bazkunaren ekintzetan parte hartu duten gaztetxoei.
Bestalde, 13:30ean paella bazkaldu ostean, festa nagusiko da Xoxoteko tontorrean: izan ere, umeentzako tirolina ez ezik, trikitilariak, txalapartariak eta txistulariak ariko dira giroa alaitzen egun osoan zehar.