Hiru zezenketa izango dira aurtengo saninazioetan

Julene Frantzesena 2025ko mai. 8a, 08:00

Iazko zezenketa bateko irudia.

Uztailaren 31n nahiz abuztuaren 1ean eta 2an izango dira hitzorduak zezen plazan. Morante de la Puebla, Daniel Luque, Juan Ortega, Damian Castaño, Jesus Enrique Colombo, Jose Fernando Molina, Paco Ureña, Emilio de Justo eta Borja Jimenez toreatzaileak izango dira aurtengoan, eta Loreto Charro, Ana Romero eta Murteira Grave ganadutegietako zezenak.

Azpeitiko Zezenzale Batzordeak jakinarazi duenez, aurtengo saninazioetan hiru zezenketa izango dira. San Inazio egunez egingo dute aurrena, eta abuztuaren 1ean eta 2an hurrengo biak. Bederatzi toreatzaile ariko dira hiru egun horietan Azpeitiko zezen plazan; tartean, Morante de la Puebla, Daniel Luque eta Paco Ureña. Zein ganadutegitako zezenak izango diren ere jakinarazi du batzordeak.

Lehen zezenketa uztailaren 31n, San Inazio egunean, izango da, eta Morante de la Pueblak, Daniel Luquek eta Juan Ortegak Loreto Charro ganadutegiko zezenak toreatuko dituzte. Abuztuaren 1eko zezenketan Damian Castaño, Jesus Enrique Colombo eta Jose Fernando Molina ariko dira, Ana Romero ganadutegiko zezenekin. San Inazioak ofizialki bukatuta direla, abuztuaren 2an, larunbatez, egingo dute hirugarren eta azken zezenketa. Paco Ureña, Emilio de Justo eta Borja Jimenez toreatzaileak izango dira plazan, Murteira Grave ganadutegiko zezenen aurrean.

Toreatzaile horietako gehienek badute eskarmentua Azpeitiko zezen plazan; izan ere, 11. aldiz izango da Azpeitian Luque, laugarrenez Borja Jimenez, eta hirugarrenez, berriz, Morante de la Puebla, Jesus Enrique Juan Ortega. Paco Ureñak ere badu lotura Azpeitiko zezen plazarekin, hainbatetan aritu delako han. Emilio de Justo 2018an izan zen Azpeitian, eta berriz izango da aurtengoan. Castaño, berriz, aurrenekoz ariko da saninazioetan, eta aurkezpena Azpeitian egingo du Jose Fernando Molina gazteak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide