Herrian ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntu berriak jartzen hasiak dira dagoeneko. Ekindar energia kooperatibak hamar lekutan jarriko ditu birkarga puntuak, eta horien instalazio obrak hasita dituzte jada.
Zehazki, obrak bukatu dituzte dagoeneko herriko leku batzuetan, nahiz eta oraindik kargagailuak ez dituzten jarri. Esaterako, Urrestillako Kale Barrenako 22. zenbakian, Loiolako Inazio Hiribideko 69. eta 79. zenbakietan, Euskal Herria auzoko 33. zenbakian, Loiola auzoko 2. zenbakian eta San Martin estratan egin dituzte instalazio lanak. Ekindarrek jakinarazi duenez, gainera, Salbe auzoko 14. zenbakiaren atarian hasiko dituzte lanak egunotan.
Bestalde, kiroldegiaren ondoko aparkalekuan nahiz Soreasu auzoko eta Alberdieneko lur azpiko aparkalekuetan ere jarriko dituzte birkarga puntuak. Ekainerako obra guztiak bukatuta eta kargadoreak jarrita izango direla aurreikusten du Ekindarrek.