Alde Zaharra ibilgailuentzako itxita egongo da bihar Domusa Teknik mendi lasterketen eraginez

Maddi Txintxurreta 2025ko mai. 9a, 11:37

Domusa Teknik 40 MLK lasterketaren 2023ko edizioko irudia. (Ihintza Elustondo)

Alde Zaharra, Julian Elortza etorbidea eta Perez Arregi plaza lotzen dituen zubia nahiz Loiolako santutegi aurreko bidea itxita egongo dira ibilgailuentzako.

Bihar jokatuko diren Domusa Teknik 40 MLK eta 15 MLK mendi lasterketek eragina izango dute herriko trafikoan, Azpeitiko Udalak jakinarazi duenez. Hala, Alde Zaharra itxita egongo da ibilgailuentzat goizetik gauera arte.

Horrez gain, soilik "beharrezkoa" bada utziko diete ibilgailuei Done Jakue kalera sartzen, betiere parrokiaren atzetik, Udalak ohartarazi duenez. Julian Elortza etorbidetik Perez Arregi plazara arteko zubia ere itxita egongo da, eta ondorioz, Soreasuko parkinera joan nahi duten ibilgailuek Damaso pareko zubitik sartu beharko dute.

Loiolako santutegi aurreko bidea ere itxita egongo da; beraz, bertako bizilagunek Kabiederretik sartu beharko dute. Santutegiko aparkalekuetara sartzeko arazorik ez da egongo.

Foru Pasealekuko zubitik Enparan kaleko garajeetara joateko, berriz, ez dela arazorik egongo esan du erakundeak, eta autobus geltokiek ohiko funtzionamendua izango dutela ziurtatu du.

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide