Hasi dute Euskal Sagardoaren dastaketa zikloa

Maialen Etxaniz 2025ko mai. 9a, 11:00

Atzoko dastaketara animatu ziren herritarrak eta antolatzaileak. (Utzitakoa)

Atzo, ostegunez, egin zuten aurreneko kata Oilo-Soro soziedadean. Ekainaren 5era arteko ostegunetan sagardo dastaketak egingo dituzte Azpeitiko elkarte banatan, soziedadeetako kideek prestatutako afarien bueltan. Hurrengo hitzordua maiatzaren 15ean izango da, Basazabalen. 

Soziedadeak jan-edanerako leku aproposak dira, eta horretarako ohiturarik ez da falta Azpeitian. Horren erakusle da Euskal Sagardoaren dastaketek duten harrera. Atzo, ostegunez, hasi zuten Azpeitiko Udalak eta Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak antolatutako dastaketa eta afari zikloa, Oilo-Soron egindako katarekin. Bertaratu zirenek, Gipuzkoako sagardo desberdinak probatzeko aukera izan zuten, baita haien inguruko xehetasunak ezagutzeko aukera ere, Oilo-Soroko bazkideek prestatutako afaria dastatzearekin batera. Era berean, Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko kideen eskutik Euskal Sagardoaren jatorriaz eta sagastien lokalizazioez aritu ziren, beste hainbat konturen artean. 

Dastaketara bertaratu zirenek, bost edari desberdn iprobatu zituzten 19:30ean hasita, eta horien ezaugarriak eta berezitasunak azaldu zituen saioa gidatu zuen Telmo Iruretagoienak. Afariaren bueltan egin zuten dastaketa, azalpenak entzutearekin batera. Oilo-Soron elkartu zirenek askotariko galderak egiteko aprobetxatu zuten, eta giro polita sortu zen sagardoaren bueltan. 

Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak jartzen du edaria, baina elkarte bakoitzaren ardura da otordua prestatzea. Guztira, lau plater hotz edo bero, postrea eta kafea prestatu beharko dituzte egitasmoan parte hartuko duten elkarte gastronomikoetako kideek. Mikel Garaizabal eta Telmo Iruretagoiena enologoek gidatuko dituzte saioak, txandakatuz. 

Atzoko katako une bat. (Utzitakoa)

Ekainaren 5era arte, astero egingo dituzte dastaketak, ostegunetan, 19:30ean hasita. Hurrengo saioa Basazabalen egingo dute, maiatzaren 15ean.

Honako hauek dira hurrengo hitzorduak: 

  • Maiatzak 15: Basazabal
  • Maiatzak 22: Iturri
  • Maiatzak 29: Zokoa
  • Ekainak 5: Gure Ametsa

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide