Martxan dira Domusa Teknik 40 eta 15 MLK mendi lasterketak

Mailo Oiarzabal 2025ko mai. 10a, 09:17

Denera ia mila lasterkari elkartu dira gaur Azpeitiko plazan: 08:00etan irten dira proba luzeko 600 bat parte hartzaleak; eta ordubete geroago, 09:00etan, proba motzeko 350ak. 10:55 alderako espero dute proba motzeko lehen korrikalaria helmugan, eta 13:45 alderako, berriz, lasterketa nagusikoa.

Domusa Teknik 40 eta 15 MLK mendi lasterketak –65 eta 26 kilometrokoak, hurrenez hurren– martxan daude

Denera ia mila lasterkari elkartu dira gaur Azpeitiko plazan. Proba luzekoak, Domusa Teknik 40 MLK-koak, izan dira goiztiarrenak. Atzo dortsalak jaso ez zituztenek 06:00etatik aurrera izan dute horretarako aukera. Lasterketa bera, berriz, 08:00etan hasi da; Beñat Lizasok bertsoa kantatu eta Luix Beltzaren eskolakoek dantza egin ondoren, Erdikalerako bidea hartu dute lehiakideek. Guztira 600 kirolarik emana zuten izena 65 kilometroko mendi lasterketaren laugarren aldi honetarako; horietatik 70 dira azpeitiarrak, eta horien artean 11, emakumeak.

Ordubete geroago, 09:00etan, irten dira proba laburrenekoak, 26 kilometroko Domusa Teknik 15 MLK-koak, Goiko Kale aldera. 350 kirolarik zuten izena emanda probaren bigarren aldirako; 107 azpeitiar daude parte hartzaileen artean, eta horietatik ia erdiak, 50, dira emakumeak.

08:00etan zein 09:00etan, irteerak ikusteko plazan elkartu diren herritarren babesik ez dute falta izan korrikalariek.

Iritsiera orduak

Antolatzaileen aurreikuspenen arabera, 10:55 alderako iritsiko da proba motzeko lehen gizona helmugara, eta 11:00 aldera, lehen emakumea;. 13:45 alderako espero dute, berriz, lasterketa nagusiko lehen gizona, eta 14:30 alderako, lehen emakumea.

Irabazleak zein gainerakoak plazara itzuli bitartean, Azpeitiko Ikastola Ikasberrin dagoen Gune Urdinean izango dute herritarrek aisiarako zein Xoxoterako bidea hartzear izango diren korrikalariak animatzeko parada. Plazan, berriz, 15:00etan hasiko da kirol probaren bueltako festa giroa.

Hona hemen, iluntzera bitartean gelditzen den egitaraua:

10:55. Domusa Teknik 15 MLK lehen korrikalaria helmugan.
13:45. Domusa Teknik 40 MLK lehen korrikalaria helmugan.
15:00-20:30. Olber DJa, plazan.
18:30. Azketa ahots taldea, plazan.
20:00. Domusa Teknik 40 MLK azken korrikalariari ongietorria.
20:15. Sari banaketa, plazan.
20:30. Elektrotxaranga, Perez Arregi plazatik abiatuta.
22:00. Urtz eta Eraldatzen kontzertuak, Sanagustin kulturgunean.

Gune urdinean:
09:55. Domusa Teknik 15 MLK lehen korrikalariari ongietorria.
11:00-13:00. Sentsilizazio jolasak eta photocall urdina.
11:00- 18:30. Puzgarriak eta jolas inklusiboak.
12:30. Domusa Teknik 40 MLK lehen korrikalariari ongietorria.
12:00-16:00. Pintxoak eta edariak, Eusko Labelen eskutik.
17:45. Domusa Teknik 40 MLK azken korrikalariari ongietorria.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide