Euskaraldiko txapa janzteko ekitaldia antolatu dute ostegunerako

Nerea Uranga 2025ko mai. 12a, 11:27

Joan den ostiralean Euskaraldiko txapak banatzen Azpeitiko plazan. (Mailo Oiarzabal)

Ostegunean hasiko da Euskaraldiaren laugarren edizioa. Hizkuntza ohiturak aldatzeko eta euskaraz gehiago egiteko bultzatu nahi duen egitasmoan nahiz hasiera ekitaldian parte hartzera deitu dituzte azpeitiarrak. Ahobizi nahiz belarriprest txapak elkarrekin janzteko eta egitasmoa hasteko ekitaldia ostegunean izango da,19:00etan, plazan.

Euskaraldiak maiatzaren 15ean, ostegunean, ekingo dio laugarren edizioaren ibilbideari. 11 egunetan zehar, Euskal Herri osoko milaka lagunek, beren hizkuntza ohiturak aldatzeko eta euskaraz gehiago eta erosoago egiteko saiakera egingo dute, belarriprest nahiz ahobizi gisa. Egitasmoa hasteko hiriburuetan nahiz herriz herri ekitaldiak antolatu dituzte. Azpeitian Euskaraldian parte hartuko dutenek txapak elkarrekin janzteko ekitaldia antolatu dute ostegunean, 19:00etan, plazan. "Txapa jantzita ibiliko gara 11 egunetan, kalean, lanean eta aisialdian euskaraz erosoago aritzeko", azaldu dute herriko Euskaraldiko batzordekoek. Txupinazoa botatzearekin batera, ekitaldian biltzen diren herritarrek txapak elkarrekin jantziko dituzte.

Oraindik Euskaraldian parte hartzeko izena eman ez duten herritarrak izena ematera deitu dituzte Azpeitiko Euskaraldiaren antolaketa taldekoek. Horretarako aukera dago Euskaraldia.eus webgunearen bidez. Bestalde, izena eman dutenek txapa jasotzeko aukera izango dute egun hauetan bai udaletxeko Euskara Sailaren bulegora joanda edota kalean jarriko dituzten postuetan.

Euskaraldiko txapak jasotzeko postuak honako egun eta orduetan jarriko dituzte plazan: gaur astelehena, 16:00etatik 18:00etara; bihar asteartea, 10:00etatik 12:00etara; eta etzi asteazkena, 17:00etatik 19:00etara.

Zopa antzezlanerako sarrerak

Euskaraldiaren barruan beste hainbat ekitaldi ere antolatu ditu herriko batzordeak. Esaterako, maiatzaren 22an (osteguna) Zopa antzezlana izango da, 19:00etan, Soreasu antzokian. Doan da sarrera, baina aforo kontuengatik aurretik hartzea komeni da Kulturaz.eus webgunean.

Zopa antzerki obra hitanoa bultzatzeko sortu zuten Seguran (Gipuzkoa). Segurako Sagastiberri baserrian zazpi lagun elkartuko dira, eta norbere itzalak argitzea izango da haien helburua. Obraren egilea Mirari Martiarena da eta zuzendaria, berriz, Idoia Uranga azkoitiarra. Aktoreak, berriz, honakoak dira: Luli Telleria, Koldo Alustiza, Maider Hernandez, Arantxi Barandiaran, Olatz Etxeberria, Aiora Juantorena eta Ekiñe Izagirre.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide