Euskaraldia 2025

Hitanoaren transmisioaren gaineko galdetegia erantzun dezakete gaurtik 18 urtetik beherakoen gurasoek

Mailo Oiarzabal 2025ko mai. 15a, 10:10

Euskaraldiko txapak Hikaldiko 'H'-arekin. (Euskaraldia)

Ikastetxeen bidez helaraziko zaie Euskara Mahaiko Hitano Batzordeak prestatu duen galdetegia, baina Guka.eus-en ere erantzun dezakete. Gurasoek seme-alabekin hika zenbateraino erabiltzen duten jakin nahi dute, eta gai horren inguruan hitz egitea eta hausnartzea ere bai.

Gaur, Euskaraldia eta horren barruko Hikaldia martxan jarriko diren egun berean, hasiko dira zabaltzen herriko ikastetxeak Euskara Mahaiko Hitano Batzordeak hitanoaren transmisioaren gainean prestatu duen galdetegia.

18 urtetik beherako seme-alabak dituzten gurasoei helaraziko diete ikastetxeek aipatutako galdetegia, baina hemen ere badute erantzuteko aukera. Gurasoek etxeko adin txikikoekin hika zenbateraino erabiltzen duten jakin nahi dute Euskara Mahaikoek, eta horrekin bi helburu nagusi betetzea ere bai: batetik, "etxean, ikastetxe atarian, kalean… gai honen inguruan hitz egitea eta hausnartzea" nahi dute Hitano Batzordekoek; bestetik, galdetegiaren bidez jasoko dituzten erantzunak aztertuko dituzte, "transmisioaren egoera ikusteko eta aurrera begira egin daitekeen lana ezagutzeko".

Euskaraldiarekin eta Hikaldiarekin batera jarri dute martxan galdetegia, eta erantzuteko epea ere egitasmo horiekin lotu dute. Horrela, maiatzaren 25a arte erantzun ditzakete gurasoek galderak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide