Jaiak zein aldarrikapenak, denak izan du lekua aurtengo Etxera Egunean

Aitziber Arzallus 2025ko mai. 17a, 20:55

Jende ugari batu dute Etxera Egunerako antolatutako jarduera guztiek; hala nola, eguerdiko kirol erronkak, bazkariak, pailazoen emanaldiak zein arratsaldeko elkarretaratzeak.

Krosaren hasi dute Etxera Eguneko egitaraua Azpeitian, baina ez da eguneko kirol hitzordu bakarra izan. Bazkalaurretik, herri kirolak eta crossfita uztartuta, kirol ikuskizun bikaina eman dute hiru taldetan banatuta aritu diren hainbat kirolari gaztek, eta asko eta asko izan dira haiek ikustera plazara bertaratu diren herritarrak, eguraldi ezin hobea lagun. 

Ondoren, bazkari jendetsua egin dute Azoka Plazan, eta han bazkalostea Txalainak taldeak girotu duen bitartean, Sanagustinpean Txintxeta, Klipa eta Txorroskilo pailazoak izan dira etxeko txikiek entretenigarri izan dituztenak. 

Gero, 18:30ean, elkarretaratze jendetsua egin dute plazan Euskal presoak etxera. Gotzon gurekin lelopean, eta eguna borobiltzeko, kontzertuak izango dira Sanagustin kulturgunean, 21:00etan hasita. Hain zuzen ere, The Friday's Crew, Su ta Gar eta Trikidantz taldeek kontzertu bana eskainiko dute, sarrera doan dela.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide