Laugarren urtez jarraian, hanburgesa eta garagardo dastaketa antolatu dute Azpeitiko Udalak, Ederto-Harakel Gipuzkoako harakinen elkarteak, Bertan Azpeitiko merkatarien elkarteak eta Dendartean Gipuzkoako merkatarien elkarteak. Datorren zapatuan, maiatzaren 24an, izango da aurtengo hitzordua Azoka Plazan, 18:00etan hasita, eta antolatzaileek gaur eman dituzte horri buruzko xehetasunak.
Jakina zen hanburgesa eta garagardo dastaketaren laugarren aldiak berrikuntza aipagarria zekarrela. Izan ere, lurraldeko harategiei zuzenduta urtero egiten duten Gipuzkoako hanburgesa haragi onenaren lehiaketari beste bat gehitu diote aurten: Azpeitiko hanburgesa onenaren lehiaketa. Hil hasieran ireki zuten lehiaketan izena emateko epea, eta gaur jakinarazi dute hamar taberna-jatetxek parte hartuko dutela lehiaketan. Hauek, hain zuzen: Ertz, Mendizaliek, Aisialdi, Da, Mendizabal, Main, Osinazpi, Sanagustin, Etxe-Zuri eta Pastorkua.
Lehiaketaren deialdia ireki zutenean eman zituzten horren gaineko jakingarri batzuk: establezimentu bakoitzak hanburgesa bat aurkeztu ahal izango du –ohiko kartan eskaintzen duena edo lehiaketarako espreski prestatua– lehiara; hanburgesa hori nahieran presta dezakete, baina formatu klasikoa mantendu beharko dute; ogia, haragia eta osagarriak izan beharko ditu; gainera, lehiaketara aurkeztutako hanburgesa gutxienez lau astez kartan eskaini beharko dute tabernek eta jatetxeek –ekainaren 22ra arte–, eta gehienez 20 eurotan saldu ahalko dute. Gaurko aurkezpenean azaldu dituzte lehiakideek kontuan hartu beharreko zein lehiaketa berriaren bueltako gainerako xehetasunak: "Izena eman duten taberna eta jatetxeetan tuper bana utzi dute antolatzaileek, eta aste honetan, aurrez esandako egunean, bila pasatuko dira. Herriko elkarte gastronomiko batean elkartuko da epaimahaia, eta irabazlea aukeratuko du. Larunbatean jakinaraziko dute zein den garailea".
Azpeitiko hanburgesa onenaren txapelketaren irabazleak, izendapena bera ez ezik, hanburgesa formako oroigarri bat jasoko du. Antolatzaileek "tokiko ostalaritzaren lana aitortzea" eta herriko taberna zein jatetxeetan egiten dituzten "hanburgesen kalitatea eta originaltasuna saritzea" nahi dute lehiaketa berriarekin.
Harakinen lehia
Azpeitiko hanburgesa eta garagardo dastaketaren lehiaketa 'klasikoa', baina, Gipuzkoako hanburgesa haragi onenarena da, eta horrek ez du huts egingo datorren zapatuan.
Bihar amaituko da izena emateko epea, baina Gipuzkoako hogei bat harakinek parte hartzea espero dute antolatzaileek. Kasu honetan, epaimahaiak hanburgesatarako haragia dastatuko du, ez hanburgesa osoak. Herritarrak dira lehiaketara aurkeztutako harategietako haragiarekin egindako hanburgesak dastatzeko aukera izango dutenak. 5 euroren truke salduko dituzte hanburgesak, eta bakoitzaren gustuko gehigarriekin osatu ahalko dituzte herritarrek: gazta, gorritutako tipula, ketchupa, mahonesa...
Jatekoari laguntzeko, berriz, nahi duenak artisau garagardoak ere aukeran izango ditu Azoka Plazan.
Hanburgesa lehiaketak hartu duen "indarra" txalotu du Mikel Odriozola udaleko Festa batzordeburuak. "Saltsa polita sortzen du plazan, plan ederra baita hanburgesa bat janez jendearekin egotea. Aurten, gainera, herriko tabernen arteko lehiaketarekin, seguru gaude ikusmina oraindik eta handiagoa izango dela". Halako ekitaldiek tokiko ekonomia sustatzeko duten garrantzia ere azpimarratu du Odriozolak.