Ostiralean hasiko dituzte ofizialki Sanjuandegiko festak, Mantangorriren jaitsierarekin. Aurretik, ordea, bestelako hainbat ekintza izango dira auzo horretan. Bihar, asteazkena, bertso afaria izango da Baigera IIn Andoni Egaña eta Iker Zubeldia bertsolariekin. Bertso afarirako txartela aurrez eskuratu beharko da, 25 euro ordainduta.
Ostegunean, arratsaldez, barraka eguna izango da Sanjuandegin 17:00etatik 22:00etara. Egun horretan tiobiboetarako txartel bakoitzak 1,5 euro balioko ditu. Udalak azaldu du barraketan euskara sustatzeko ahalegina ere egingo duela, eta euskarazko hainbat material jarri ditu tiobibozaleen esku.
Etzi, 19:00etatik aurrera, Kantu Jira taldekoak ere ibiliko dira kantuan Sanjuandegi auzoan zehar, pintxo potearen garaian.
Sanjuandegiko jaietan ohikoa izaten den mus txapelketa etzi izango da Ongi Etorri jatetxean. Musean jarduteko izena 21:00etan eman beharko da, eta ordubete geroago hasiko da txapelketa. Iluntze musikatua ekitaldia ere 22:00etan hasiko da, Edu Zardoya eta Sembrando Kaos taldeen emanaldiekin.