Sanjuandegiko festak 2025

"Sortutako musika betirako gordetzeak merezi duela uste dugu"

Maialen Etxaniz 2025ko mai. 30a, 09:00

Taldearen izen bereko diskoa plazaratu du Azkoiti-Azpeitiko Eraldatzen laukoteak, bederatzi abestiz osatutakoa. Oholtzara igoko dira gaur Sanjuandegin, eta dena emateko gogotsu daude. 23:00etan hasiko dira kontzertuak karpan, eta Eraldatzenek ez ezik, Rodeok eta Laketek ere joko dute.

Duela hiru urte hasitako abenturak eman ditu lehen fruituak. Iñaki Odriozola (ahotsa) azkoitiarra, Oihan Otaegi (baxua) nahiz Nestor Aguado (gitarra) azpeitiarrak eta Alvaro Guinea (bateria) salamancarra (Espainia) daude Eraldatzen musika taldearen atzean, eta izen bereko diskoa kaleratu berri dute. Punka, hardcorea, metala eta rock alternatiboa oinarri hartuta, bederatzi abestiz osatu dute lana. Disko fisikoak atera ez ezik, plataforma digitaletan entzungai jarri dituzte abestiak. Azkoitiko musikarien lokaletan elkartu dira Sanjuandegiko festetarako azken entsegua egiteko, eta han kontatu dituzte diskoaren inguruko xehetasunak. Aurreratu dutenez, uda igaro arte ez dute kontzertu gehiago emango.

Eraldatzen izeneko diskoa plazaratu duzue. Zein dira sortu duzuen lanaren ezaugarriak?

NESTOR AGUADO: Laurok musika desberdin samarra entzuten dugu, eta, horrenbestez, ez dugu estilo finkorik. Oihan eta biok genekien gutxiarekin musika egiten hasi ginen pandemia garaian. Denborarekin zertxobait ikasi dugu, eta ikasitakoaz baliatu gara. Estiloari dagokionez, batzuek diote punka egiten dugula, besteek hardcorea edo metala... Guk euskal rock erradikalaren falta sumatzen genuen, eta hortik edan dugu. Bederatzi abesti eta intro bat elkartu ditugu diskoan, elkarrengandik nahikoa desberdinak direnak, euskarazkoak eta hitz zuzendunak.

Zeri abesten diozue?

OIHAN OTAEGI: Gure abestiak ez daude publiko zehatz bati zuzenduta. Jorratzen ditugun hitzak orokorrak dira. Esaterako, Lapurtuz abestia lan munduko egoera kaskarrei buruzkoa da. Israel Palestinan egiten ari den sarraskiari lotuta, gerrei buruzko abesti bat ere badugu, baita gure barne gudei buruzko zenbait kantu ere. Edozein adin edo ideologiatako pertsonak sentituko dira identifikatuta abestiekin. Gehienbat, kritika soziala eta gure barne gatazkak lantzen ditugu hitzetan.

Urteak igaro dira elkartu zinetenetik. Hautua izan al da diskoa gerora ateratzea?

N.A.: Gauzak etorri bezala egiten joan gara. Pixkanaka egin ditugu abestiak, eta diskoa diru apur bat gastatzea erabaki dugun unean atera dugu. Izan ere, inbertsio bat da. Posible genuen lokalean bertan grabatzea, baina txukun egitea erabaki dugu, oroitzapen polit bat jasota edukitzeko. Sortutako musika betirako gordetzeak merezi duela uste dugu. Benetan atsegin ditugun abestiak grabatu ditugu. Hau da, grabatutako kantuak gustura sortutakoak dira, ez diskoa betetzeko egindakoak. Bakarren batzuk kanpoan utzi ditugu.

"Grabatutako kantuak gustura sortutakoak dira, ez diskoa betetzeko egindakoak"

Gustura gelditu al zarete emaitzarekin?

IÑAKI ODRIOZOLA: Oso gustura. Jurgi Taboada teknikariarekin grabatu dugu lana Zumaiako Ozen estudioan, eta hark asko lagundu digu ideia berriak proposatuta. Bi zatitan egin dugu grabaketa: iaz lau abesti grabatu genituen, eta aurten bost. Taldeak «izaera independentea eta zuzena» duela aipatu izan duzue.

Zer esan nahi duzue horrekin?

N.A.: Zuzena dela diogu gure abestietako mezuak zuzenak direlako. Gainera, gure jardunak ez dauka ezer itxurakeriatik, horretarako gaitasun teknikorik ere ez daukagulako; beraz, ez dugu apaindurarik erabiltzen. Era berean, independenteak garela diogu gure kabuz aritzen garelako, ez dugulako inor kopiatzen. Baditugu erreferenteak –Kuraia, Berri Txarrak edo Eraso–, baina eragin handiagoa dute entzuten dugun musikan egiten dugunean baino. Gure doinuak nahikoa libreak dira: ez punk, ez metal... Askotariko doinuen nahasketa dira.

Duela bizpahiru urte hasi zineten elkartzen. Aldatu al da taldea orduz geroztik?

O.O.: Asko aldatu da, bai. Nestor eta biok elkartzen hasi ginenean buruan ideia asko genituen, baina oso desordenatuak. Gainera, ez geneukan ikasketa musikalik. Alvaro ezagutu izanak egitura eman zion taldeari, eta Iñaki batu zenean beste forma bat hartu zuen. Orain, konponsatzeko modua ere txukunagoa da.

"Indar handiko kontzertuak eskaintzen ditugu, dena ematen dugu oholtzan"

Dagoeneko hainbat kontzertu eskaini dituzue. Zer-nolako harrera izan du zuen musikak?

I.O.: Jendeari gustatu zaiola ematen du. Badaude kontzertuetara behin baino gehiagotan etorri direnak, inguruko lagunak ekartzen dituztenak. Pozgarria da hori ikustea.

Gaur Sanjuandegiko festetan duzue hitzordua. Nolakoak dira zuen zuzenekoak?

I.O.: Indar handiko kontzertuak eskaintzen ditugu, dena ematen dugu oholtzan. Hori bai, alde handia dago aretotik aretora, eta gu areto txikien zaleak gara. Emanaldiak eskaintzerakoan publikoarekin gertutasuna edukitzea gustatzen zaigu.

N.A.: Sanjuandegi Oihanen auzoa da, eta gertutasuna sentitzea espero dugu. Gu, behintzat, gogoz aterako gara. Ziur ez dela inor aspertuko.

Elkarrizketa osorik, bideoan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide