Azpeitiko Udala dagoeneko buru-belarri ari da Santio eta San Inazio jaiak antolatzen, eta gaur iragarri du aurtengo festetan zein talderen kontzertuak izango diren.
Uztailaren 26an Kilimak eta Heitxi taldeak izango dira plazako agertokian, uztailaren 30ean Puro Relajo, uztailaren 31n Zea Mays eta abuztuaren 1ean Brigade Loco. Dena den, beste hainbat musika emanaldi ere izango dira jaietan, tartean Euskal Herriko IV. Elektrotxaranga Lehiaketa irabazi duen 3indarrok taldeak San Inazio bezperan eskainiko du emanaldia kalez kale.
Mikel Odriozola udaleko Festa batzordeburuak azaldu duenez, "plaza beteta eta jendea dantzan" ikusi nahi dute. Horregatik, gaur egun "arrakasta handia" duten eta "jende asko mugitzen" duten taldeak izango dira saninazioetan herrian. Udalak euskal taldeei lehentasuna eman diela ere nabarmendu du hark, eta adin guztietako herritarrengana iristeko, estilo desberdinetako taldeen aldeko apustua egin duela esan du.
Umeen Eguna, igandean
Saninazioen bueltan izango da aldaketa bat aurtengoan. Hain zuzen ere, Umeen Eguna igandez egingo dute, uztailaren 27an, zehazki. Aurrekobi urteetan larunbatez ospatu izan dute egun hori, baina aurten berriro ere lehengora itzuliko dira, eta beraz, igandez izango da erraldoien eta buruhandien ohiko desfilea, baita egun horretan egin ohi diren beste zenbait ekitaldi ere.
Udalak azaldu duenez, aurrerago emango ditu santioen eta saninazioen gaineko xehetasun gehiago. Hori bai, San Inazio bezperan txupinazoa botatzeko hautagaiak proposatzeko epea zabalik dago. Herritarrek ekainaren 13ra bitartean egin ahal izango dituzte proposamenak.