Atzo egin zuten udaleko ordezkariek ekaineko ohiko udalbatzarra, eta aurreikusitako puntu guztiak minutu gutxitan aho batez onartu ostean, galdera-erreguen txandan bi gai plazaratu zituzten EAJko ordezkariek.
Horietako bat izan zen saninazioetako balizko laugarren zezenketa. Hegoa Larzabal zinegotziak "desadostasuna" agertu zuen, Udal Gobernuak Zezenzale Batzordeari laugarren zezenketa egiteko baimenik ez diolako eman. Hark "babesa" adierazi zion batzorde horri. "Legez instituzio publikoei dagokie tauromakia babestea eta sustatzea, eta gure kulturaren eta historiaren aurkakoak ez dira zezenketak". Halaber, Imanol Elias historialari zenak jasotako hainbat dokumenturi egin zien erreferentzia hori baieztatzeko, eta esan zuen laugarren zezenketa horrek Azpeitiko Udalari ez diola inolako gasturik eragiten. Hori horrela izanik, "elkartasuna" adierazi zion zezenketak antolatzeaz arduratzen den batzordeari, eta egiten duen lana aitortu ere bai.
Nagore Alkorta alkateak erantzun zion Larzabali, Zezenzale Batzordeko ordezkariekin hainbat bilera egin dituztela eta gaiaz hitz egin dutela esanez. "Beste eragile guztiekin egiten dugun bezala, sei bat aldiz elkartu gara Zezenzale Batzordeko kideekin, eta laugarren zezenketaren kontuaz hitz egin genuen eta [ez egitea] ia adostuta laga ere bai. Gero, kalean esan da laugarren zezenketa kendu dugula, baina ez dugu kendu, ez baita existitzen. Orain arteko kopurua mantendu dugu".
Alkortak "harridura" agertu zuen herrian dauden beharren eta kezken artean hipotetikoa den laugarren zezenketa batek "horrelako pisua" hartu izanagatik. "Ez dugu ezer kendu, orain arte egin dena mantetzea erabaki dugu, eta eman beharreko azalpenak eman dizkiogu Zezenzale Batzordeari". Zortziko zenzenzale elkarteak kaleratutako gutuna aipatuz, Zortziko taldeak publikoki nahi duena esatea zilegi dela, baina Zezenzale Batzordeak testu harekin "inolako harremanik ez" dutela adierazi ziela zehaztu zuen Alkortak. "Harridura sortzen dit zezenketa bat estatu gai bilakatzeak eta zentralizatzeak". Azpeitiko alkateak zehaztu zuen Zortzikoko kideak ez direla sekula harremanetan jarri Udal Gobernuko ordezkariekin formalki.
Antonio Gallarin EAJko zinegotziak ere hartu zuen hitza, eta esan zuen zezenketa eta zekorketa bana gehiago egiteko eskaerari ezezkoa eman badiote ere, sokamutur saioak "gero eta gehiago" egiten dituztela. "Azpeitia herri taurinoa da, orokorrean, eta zezenaren bueltako ekitaldi asko egiten dira. Jendea joan egiten da ekitaldietara, ikuskizun bat gehiago dira, eta zezenak badu bere espazioa, eta uste dut zezenketetan biltzen den jendea plurala dela bai sozialki, bai politikoki". Horregatik, ezezkoa eman izanagatik "harridura" agertu zuen.
Alkortak hari ere erantzun zion. "Harritu egiten zarete hain plurala izanda laugarren zezenketa bat ez baimendu izanarekin? Oso argi dago Azpeitiko EAJren udal taldeak zezenketa gehiago egitea babesten duela, eta zilegi da hori, baina gure erabakia da dagoena mantentzea. Zenbaterainoko zezenzalea den Azpeitia dituzun harremanen araberakoa izango da; duzun inguruaren arabera, desberdin ikusten dugu kontua". Halaber, alkateak esan zuen animaliei ematen zaien tratuaren inguruko lanketa egin behar litzatekeela. "Saiatu behar dugu, herri anitza izanik, aniztasun horri erantzuten. Herriaz ari garenean ez dugu gure zirkuluarekin bakarrik pentsatu behar".
Laburbiltzeko ere baliatu zuen hitzartzea alkateak. Hala esan zion Gallarini: "Erabaki dugu zezenketa bat gehiago ez dela egingo batzuek hala nahi izan dutelako. Zuek ados zaudetela eta laugarrena egin nahi duzuela? Oso ondo. Aukera duzuenean erabakitzeko, jarriko duzue edo ez". EAJko zinegotziak argudioak eskatu zizkion erabakia oinarritzeko, eta horrela erantzun zion Alkortak. "Ez gaude gaur egun egiten diren zezenketak baino gehiago bultzatzeko asmoz. Ez dago hori beste modu batera esaterik. Udal Gobernuan gauden bitartean ez dugu zezenketa gehiago sustatuko. Horrelako erantzun bat nahi zenuten, eta hortxe duzue. Gaia bukatutzat eman nahi nuke".
Edurne Enparan zinegotzi jeltzaleak jarraitu egin zuen gaiarekin, laugarren zezenketa egitea "herritar askoren nahia" dela adierazita, eta haiei ezezkoa esatea ez zuela begi onez ikusten adierazi zuen. Alkortak erantzun zion herritar guztien eskaera guztiei ezin zaiela baiezkoa eman, eta Enparanek esan zion gauza jakin batzuei esaten dietela baietz, eta beste batzuei ezetz. Hala erantzun zion horri alkateak: "Noski baietz, baina horrek ez du elkarlanarekin zerikusirik. Herri honetako balioak sustatzeko lan egiten duten eragileekin elkarlanean jardun behar dugu, eta beste batzuekiko, agian, jarrera zurrunagoa izango dugu, baina kasu honetan ez da hori izan gure jokamoldea. Zezenketak mantendu egingo ditugu, baina beste erabaki batzuk ere har genitzakeen. Jendea triste dagoela? Beste batzuk ere hala egongo lirateke zezenketa gehiago sustatuko bagenitu, eta beste batzuk haserre egongo dira hiru mantentzen ditugulako".
Beste galdera bat
Bestalde, Nerea Aldaik ere hartu zuen hitza jeltzaleen izenean. Udal Gobernuari galdetu zion giza eskubideen urraketen lanketaren barruan Komando Autonomo Antikapitalisten eta ETAren indarkeriaren eskutik bahiketak, erbesteratzea edo heriotza sufritu duten herritarrei aitortza egiteko asmorik ba al duen. "Duela urtebete gauza bera galdetu genuen, baina ez genuen erantzunik jaso", zehaztu zuen hark. Nagore Alkorta alkateak erantzun zion hari, giza eskubide urraketa guztiak mahai gainean jartzeko asmoz hasitako lanketari segida ematekoak direla adieraziz. "Aranzadikoekin ari gara hizketan, eta zehazten dugunean, emango dizuegu horren berri".
Gainerakoan, atzoko udalbatzarrean ez zuten gai potolorik landu, eta minutu gutxiren buruan bozkatu zituzten zerrendako lau puntuak. Bilkuran ziren zinegotzi guztien aldeko bozarekin onartu zuten atzokoan 2025-2029 epealdirako Adikzioen IV. Plana, baita ordenantza fiskaletan aldaketa egitea ere. Halaber, Sexu Askapenaren Eguneko nazioarteko adierazpena ere aho batez onartu zuten.