Idoia Ortega eibartarraren eta Gorka Alonso elgoibartarraren erraldoi txikien bilduma ikusgai da Foru Ibilbideko udal erakusketa aretoan. Atzo zabaldu zuten erakusketa eta ekainaren 22a arte egongo da irekita, astelehenetik ostiralera 18:00etatik 20:00etara, eta asteburuetan 12:00etatik 14:00etara. 325 piezak osatzen dute bilduma eta atzo arratsaldean bat baino gehiago ziren hura bertatik bertara ikustera joandako herritarrak.
Ez da Ortegak eta Alonsok herrian erraldoi txikien bilduma ikusgai jartzen duten lehen aldia; duela bi urte ere jarri zuten, baina orduan 185 erraldoi txiki ekarri zituzten, eta oraingoan, dezente gehiago. Gehien-gehienak Nafarroako eta Gipuzkoako herrietako erraldoien erreplikak dira, baina jatorri eta era askotako erraldoi txikiak ikusteko aukera izango dute erakusketara joaten direnek.