Izarraizpe Ikastola Publikoa izenpean batu dira herriko hiru ikastetxe publikoak

Aitziber Arzallus 2025ko eka. 14a, 10:11

Hezkuntza sare publikoko Azpeitiko hiru ikastetxeak izen bakarraren pean bateratuta ariko dira aurrerantzean, eta atzo arratsaldean plazan egindako ekitaldi jendetsuan jakinarazi zuten izen hori Izarraizpe Ikastola Publikoa izango dela. Izenaz gain, logotipoa ere aurkeztu zuten, eta ekitaldia bukatu ostean, plazan bertan afaldu zuten 1.500 bat lagunek.

Izarraizpe Ikastola Publikoa; aurrerantzean izen horren pean batuta ariko dira hezkuntza sare publikoko Azpeitiko hiru zentroak, alegia, atzora arte Uztaro haur eskola, Karmelo Etxegarai ikastola eta Urola ikastola zirenak. Bateratzearen arrazoiak aurrez azaldu zituzten arren, izena ondo ixilpean gordeta izan dute unea iritsi arte, eta hain zuzen ere, atzo arratsaldean herriko plazan egindako ekitaldi jendetsuaren azken hondarrean jakinarazi zuten. Eta izena ez ezik, Izarraizperen logotipoa izango dena lehen aldiz ikusteko aukera ere izan zuten plazan zeuden ehunka herritarrek, udaletxeko balkoitik zintzilik jarri zuten pankartan.

Izena lau haizetara zabaldu aurretik, ordea, ikastolaren 60 urteotako ibilbidea gogora ekartzeko eta goraipatzeko balio izan zuen ekitaldia egin zuten plazan. Amaia San Vicentek eta Eneritz Albizuk gidatu zuten ekitaldiak askotariko osagaiak izan zituen: bertsoak, musika, euskal dantzak, umorea… Eta dozenaka izan ziren oholtza gainera edo kioskora igo ziren lagunak; besteak beste, Roman Artano, Mikel Olaizola eta Arantzazu Aramendi hiru zentro publikoen zuzendariak; Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea; Amaia Urzelai Hezkuntza sailaren Gipuzkoako Lurralde ordezkaria; Xanti Agirrezabala eta Libe Aranburu aktoreak; Eneritz Artetxe eta Leire Ostolaza bertsolariak; Luix Beltza dantza eskolako ikasleak; Urola Ikastolako Bandako kideak; hiru ikastetxeetako ama hizkuntza guztien ordezkariak; Sanae Mountadar Marokon jaio eta Azpeitian bizi den ikaslea; eta abar.

Ekitaldi mamitsuaren bukaera jakinarazi zuten aurrerantzean Izarraizpe izendapenak batuko dituela sare publikoko hiru zentroak. Izen propiotzat hori hautatu izana kasualitatea ez dela izan esan zuten San Vicentek eta Albizuk, eta erabakiaren zergatik azaldu zituzten. "Batetik, Izarraitz mendikatea izan dute inspirazio iturri, gure herriari izaera eta babesa ematen dion gune naturala. Eta bestetik, ikastolaren historia ere jasotzen du izenak". Izan ere, hastapenetan, Izarraizpe Kooperatiban bilduta egon ziren Azpeitiko, Azkoitiko eta Zestoako ikastolak, eta hain zuzen hari, iraganari, egiten dio erreferentzia edo keinu. "Eta aldi berean, marka honek etorkizunera begira jarriko gaituen balioen sistema bat ere transmititzen du ezagutza eta jakintzaren garrantzia. Pertsonen arteko errespetua eta aniztasun kulturala. Giza harremanen sendotasuna eta komunitatearen kohesioa. Euskararen erabilera ardatz komunikatibo eta identitario gisa. Ingurune naturalarekiko ardura eta zaintza".

Logotipoak dituen koloreek zer esan nahi duten ere ekitaldiaren gidariek azaldu zuten. "Arrosak, gizakien berotasuna, hurbiltasuna eta bizitzasuna. Markaren adarrak definitzen dituzten kolore hotzek, berriz, ikasleen bidaia sinbolizatzen dute: jaiotzen garen munduaren naturatik (berde argia), zeruetan (urdina) zehar hegan egitera eta, azkenik, unibertsoaren aukera infinituetaraino iritsiz (more iluna)".

Behin ekitaldia bukatuta, herriko plazan bertan afaldu zuten Izarraizpeko hezkuntza komunitatea osatzen duten 1.500 bat lagunek, eta nahikoa jan eta edan ostean, Jon Urbieta DJak jarritako doinuetara dantza egiteko aukera ere izan zuten nahi zutenek.

Arratsaldean, jolasak eta tailerrak

Herriko plazako ekitaldiaren aurretik, 16:30ean hasita, hamaika eratako jolasak eta tailerrak egin zituzten Urola ikastolako frontoian zein Karmelo Etxegarai ikastolaren Perdillegiko eraikinaren jolastokian. Puzgarrietan, apar festan, mahai jolasetan, pultserak eta lepokoak egiten, margotzen, txapak egiten, mozorrotu eta photocallean argazkiak ateratzen, ilea eta atzazalak apaintzen eta beste hamaika gauzatan igaro zuten arratsaldea dozenaka eta dozenaka ikaslek, gurasok eta irakaslek, 18:00ak aldera arte. Ondoren, trikiti doinuek lagunduta eta kalejira jendetsua eginez joan ziren denak herriko plazara, Elkarlanetik bateratzera ekitaldia hasterako.

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide