Txakurrak solte ibili ahal izateko hiru gune egokitu ditu udalak herrian. Maiatzean hasi zituen erakundeak leku horiek egokitzeko lanak, eta herritarrek dagoeneko erabil ditzakete horiek. Hain zuzen ere, Garmendipen, Azpeitia eta Lasao arteko bidegorriaren ondoko Enparanzelai eremuan, nahiz Loiolabiden atondu dituzte txakurrentzako guneak.
Hiru eremu horietako bi itxiak dira: Urola izenekoa, mila metro koadrokoa eta Azpeitia zein Lasao arteko bidegorriaren eta errepidearen artekoa; eta Garmendipe izenekoa, 750 metro koadrokoa eta goiko futbol zelaiaren eta saihesbidearen arteko zelaian kokatutakoa. Bi gune horietan agility eremua, iturria, itzalguneak, zaborrontziak eta txakurren jabeentzako eserlekuak jarri dituzte.
Eremu irekiari, berriz, Loiolabide izena jarri diote, eta eremu horretan txakurrek solte ibili ahal izango dute. 735 metro luzeko bidea da txakurrek herritarrekin batera solte ibili ahal izango dutena, eta Urola ibaiaren ondoko pasealekuan dago kokatuta. Urola ibaiaren ondoan itxitura egin dute, txakurrak ibaira jaits ez daitezen eta Martin Arrantzalea babesteko.
Hirugarren gunea, Loiolabide izenekoa, irekia da; hau da, txakurrek solte ibiltzeko aukera dute gainerako herritarrekin batera. 735 metro luze da bidea, eta Urola ibaiaren ondoko pasealekuan dago, Loiolako Inazio etorbidearen aldera. Urola ibaiaren ondoan itxitura egin dute, txakurrak ibaira ez jaisteko eta Martin Arrantzalea babesteko.
Oinarrizko arau batzuk
Oinarrizko arau batzuk ere zehaztu ditu udalak eremu horien erabilera egokia bermatzeko. Esaterako, txakurgune itxietako atea itxita mantentu beharko dute erabiltzaileek. Bestalde, gune horietan dauden txakurren ardura jabeena izango da, eta txakurren gorotzak jaso egin beharko dituzte. Halaber, arriskutsuak izan daitezkeen txakurrek muturrekoa jantzita izan beharko dutela adierazi du erakundeak.
Joanes Amenabar eta Ander Larrañaga udaleko zinegotziek azaldu dutenez, txakurrek espazio publikoan lotuta ibili behar badute ere, solte ibiltzeko premia ere izaten dute garapenerako. Hain zuzen, horregatik egokitu ditu hiru txakurguneak udalak. Gainera, haiek adierazi dutenez, txakur jabeen eskaerari erantzunez, txakurrentzako jolas batzuk ere jarri dituzte bi gune itxietan.