Imuntzo eta Belokiren erromeriarekin, agur Elizkaleko jaiei

Andoni Elduaien 2025ko eka. 29a, 09:05

Musika doinuekin, kantuan eta dantza giroan elkartu dira herritarrak azken egunetan. Atzo gauean agurtu zituzten jaiak, ordea; hain justu, Imuntzo eta Beloki trikitilariek girotu zuten Plaza Txikia. Zozketako zenbaki irabazleak ere jakinarazi dituzte.

Amaitu dira Elizkaleko festak. 50. aldiz ospatu dituzte aurten Alde Zaharreko kale horretako festak, eta ohi bezala, musika doinuekin, kantuan eta dantza giroan elkartu dira herritarrak. Atzo, zapatua, Imuntzo eta Beloki trikitilarien erromeria izan zen Plaza Txikian, eta haien erritmora, dantzan eta kantuan aritu ziren zenbait. Aurrez, lagunarteko afaria egin zuten Mendizale tabernan. Eguerdian, berriz, Itsasi dantza taldekoek eskaini zuten emanaldia

Bestalde, festetako zozketa bart gauean egin zuten antolatzaileek. Lehen zenbaki sarituak Zestoako bainuetxean bi lagunentzako menu erlaxagarria irabaziko du; 1.717 da lehen zenbaki saritua, eta 976 zenbakia, ordezkoa. Bigarren zenbaki sarituak Amenabar dendan gastatzeko 100 euroko erosketa bonua irabaziko du; 1.252 da zenbaki saritua, eta 550 zenbakia, ordezkoa. Hirugarren zenbaki saritua 1.160 zenbakia da, eta 1.445 zenbakia, ordezkoa; Romaes dendan gastatzeko 100 euroko erosketa bonua irabaziko du hirugarren zenbaki sarituaren jabeak. Azkenik, laugarren zenbaki sarituak Disdira bitxitegia dendan gastatzeko 100 euroko bonua eskuratuko du; 368 zenbakia da irabazlea, eta 806 zenbakia, ordezkoa.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide