Azpeitia Dantzanen barruko beste bi saio, zapatuan eta igandean

Julene Frantzesena 2025ko uzt. 3a, 08:30

Sahatsako dantzari batzuk Azpeitia Dantzanen emanaldi batean.

Larunbatean Sahatsa dantza taldearen txanda izango da; plazan eskainiko du emanaldia, 19:30etik aurrera. Igandean, berriz, Jose Mari Orbegozoren Dantzaki eskolako kideak Soreasu antzokiko agertokian izango dira; gonbidapenak hartu behar dira emanaldi horretara joateko.

Azpeitia Dantzanen barruko beste bi emanaldi izango dira zapatuan eta igandean. Euskal dantzez eta areto dantzez gozatu ahal izango dute herritarrek datozen bi hitzorduetan.

Larunbatean, Sahatsa dantza taldearen txanda izango da; plazan eskainiko du talde horrek emanaldia, 19:30etik aurrera. Lapurdiko eta Nafarroa Behereko jauziekin, kontradantzekin eta dantza luzeekin hasiko dute haiek ikuskizuna. Bizkaiko dantzak eskainiko dituzte gero, Durangaldeko Dantzari Dantza ziklorako aukeratutakoak batetik, eta inguruotako joten musikaz girotukoak, bestetik. Kostaldera jauzi eginda, berriz, Kaxarranka eta nekazari lanetan oinarritutako dantzak erakutsiko dituzte. Emanaldia Zuberoako dantzekin borobilduko dute.

Igandean, berriz, Jose Mari Orbegozoren Dantzaki eskolako kideen emanaldia izango da, 19:00etan Soreasu antzokian. Dantza eskola horretako kideek ere askotariko dantzak aurkeztuko dituzte jendaurrean. Aretoaren edukiera muga dela eta, aurrez doako gonbidapenak hartu beharko dira ikuskizun hori bertatik bertara jarraitzeko, honako lotura honetan.

Aurtengo edizioko laugarren eta azken emanaldia Itsasi dantza taldeak eskainiko du uztailaren 20an, larunbatez. 19:00etan hasita eskainiko dute ikuskizuna taldeko kideek, Ainara Bidalen gidaritzapean. Soreasu antzokian izango da saioa, eta aurrez gonbidapenak hartu beharko dira.

Joan zen asteburuan Luis Alberdiren dantza eskolako eta Juan Antxieta musika eskolako ikasleen emanaldiarekin hasi zen aurtengo Azpeitia Dantzan. Honako lotura honetan ikus daitezke emanaldi hartako irudiak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide