Moriartitarren film berriko protagonista izango da Nagore Aranburu

Maddi Txintxurreta 2025ko uzt. 4a, 13:03

Nagore Aranburu eta Jose Ramon Soroiz, 'Maspalomas' filmeko une batean.

Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregiren Maspalomas pelikulako protagonistetako bat izango da Nagore Aranburu, Jose Ramon Soroizekin batera. Erresidentzian sartu denetik homosexuala dela ezkutatuko duen gizonaren alabarena egingo du Azpeitiko aktoreak.

Moriarti ekoiztetxearen Maspalomas filmaren protagonistetako bat izango da Nagore Aranburu aktore azpeitiarra. Pelikulan parte hartuko du Kandido Uranga zumaiarrak ere bai. 

Jose Mari Goenagak eta Aitor Arregik zuzentzen duten ekoiztetxea, Moriarti, Maspalomas izeneko pelikula grabatzen ari da Euskal Herrian eta Kanarietan, eta irailaren 26an estreinatuko da zinema aretoetan. Zuzendarien arabera, "ezabatutako identitateak" izango ditu hizpide pelikulak. Filmak Vicenteren (Jose Ramon Soroiz) istorioa kontatuko du. Kanarietan bizi dela, Donostiara itzuli beharko du erresidentzian sartzeko, eta ingresatu dutenez geroztik, homosexuala dela ezkutatuko du. Vicenteren alabarena egingo du Nagore Aranburuk.

Azpeitiko aktoreak ibilbide luzea eta oparoa egin du zinemagintzan. Beste askoren artean, Loreak (2014), Amama (2015), Ane (2020) eta Irati (2022) filmetan lan egin du. Antzerkian, laburmetraietan, telebistan eta serieetan ere egin ditu aktore lanak; duela urte erdi fikziozko telesailen saileko emakume aktore onenaren Forque eta Feroz sariak jaso zituen, Querer (2024) telesailean egindako lanarengatik.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide