Kalean da 'Zubizar Hits' diskoa, Zubizarreko musika taldeen bilduma

Maialen Etxaniz 2025ko uzt. 4a, 15:30

Hamahiru taldek bat egin dute Zubizar Hits diskoa sortzeko. Talde bakoitzaren abesti bana grabatu dute, eta guztiak bildu dituzte labetik atera berri duten proiektuan. Uztailaren 24an egingo duten Zubizar Fest jaialdian aurkeztuko dute diskoa zuzenean. Dagoeneko eskuragarri dago Azpeitiko hainbat tabernatan. 

Zubizarreko entsegu lokalak bizirik daude, eta bertako musika taldeak ez daude geldirik. Bat egin dute Zubizarreko hamahiru musika taldek –ez dira han elkartzen diren guzti-guztiak–, eta Zubizar Hits izeneko diskoa kaleratu dute. Hain zuzen, talde bakoitzak abesti bana sortu du proiekturako, eta horiek bildu dituzte diskoan. 

Honako hauek dira Zubizar Hits lanean parte hartu duten Azpeitiko norbanakoak eta musika taldeak: Katxo eta Xegu, Istilu, Arroite, Ukabil, Insane ft. Lurrikara, Puntapaxa, Tiratxinas, No Place, Esur Beltxa, Labankada, B.O.L, Arrol eta Azax. Sustatzaileek azaldu duenez, diskoarekin erakutsi nahi dute Zubizar "bizirik dagoen espazioa" dela eta talde berriak ere bertaratzen ari direla.

Grabaketa lanak Kulturaz kooperatibaren laguntzaz egin dituzte Dinamoa sormen gunean. Apirilaren 22tik 24ra eta maiatzaren 8an egin zituzten grabaketak, baina sustatzaileek azaldu dute "ideia askoz ere lehenago" sortu zela. Grabaketak eta masterizazioa Dinamoan egin dituzten arren, nabarmendu dute proiektuaren ideia Zubizarren egosi zela. Hori dela eta, uztailean egiten duten Zubizar Fest baliatuko dute jendaurrean proiektuaren aurkezpena egiteko. Aurreratu dutenez, "musikalki denetarik" aurki daiteke diskoan: "Askotariko doinuak entzun daitezke, lokaleko giroaren erakusgarri".  

Barruko diseinuaren zati bat. (Maialen Etxaniz)

Diskoak, fisikoan

Guztira, 300 disko kaleratu dituzte, formatu fisikoan, eta dagoeneko salgai daude Azpeitiko hainbat tabernatan: Urtzin, Haginpen, Sanagustin kulturgunean eta Orkatzen. Ale bakoitzak bost euro balio ditu. Diskoarekin batera musika taldeen informazioa eta abestien hitzak jasotzen dituen liburuxka dator. 

Xehetasunez betetako diseinu zainduak janzten du diskoa, kanpotik nahiz barrutik. Lokatzak egin ditu ilustrazioak, eta horien bitartez Zubizarreko lokalari lotutako hainbat elementu nabarmendu ditu. Esaterako, musika taldeen presentzia nabari daiteke marrazkietan egindako pegatinetan, musika instrumentuetan, musikarien jantzietan... Beste hainbat elementurekin batera, Urolako trenak ere badu bere lekua Lokatzaren diseinuan.

Datozen egunetan plazaratuko dute uztailaren 24an egingo duten 2025eko Zubizar Fest jaialdiaren kartela, eta orduan jakinaraziko dituzte xehetasun guztiak. Oraingoz, aurreratu dute presentzia izango dutela diskoan parte hartu duten musika taldeek eta bertan jasotako abestiek. Diskoak salgai ere jarriko dituzte egunean bertan. 

Diskoan parte hartu duten taldeak eta haien abestiak:

  1. Katxo eta Xegu: Zubizarreko martxie
  2. Istilu: Suaren mendekua
  3. Arroite: Bakarrik danan kontra
  4. Ukabil: Batzen gaituen zerbait
  5. Insane ft. Lurrikara: Pugnan
  6. Puntapaxa: Traizioa
  7. Tiratxinas: Elkarren ondoan
  8. No Place: Zubizar crew
  9. Esur Beltxa: Tren geltokian
  10. Labankada: Garaipenerarte
  11. B.O.L: Dena ilun
  12. Arrol: Oihu latzak
  13. Azax: Eskau ta eskau 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide