Azokatik Mahaira egitasmoaren barruko sukaldaritza tailerra egingo dute ostiralean Azoka Plazan

Mailo Oiarzabal 2025ko uzt. 7a, 11:28

Otegi eta Aizpuru Legazpin, maiatzaren 16an, Azokatik Mahaira egitasmoko lehen tailerra ematen. (Urkome)

Anne Otegi sukaldariak eta Aitziber Aizpuru nutrizionista azpeitiarrak emango dute, 17:00etan. Doako saioa da eta ez dago aurrez izena eman beharrik.

Gipuzkoako Azoken Sareak martxan du maiatzetik Azokatik Mahaira, sarea osatzen duten herrietako azoketara kontsumitzaileak erakartzeko egitasmoa. Kontsumitzaileek erosketak azokan egiteko ohitura hartzea eta azoketako eskaintza osatzen duten tokiko eta garaiko elikagaien kontsumoa sustatzea dira, nagusiki, egitasmoaren helburuak, eta sukaldaritza tailerren bidez hedatu nahi dituzte bi ohiturak.

Sarea osatzen duten 11 azoketan egin edo egingo dituzte sukaldaritza tailerrok, Anne Otegi sukaldariaren eta Aitziber Aizpuru nutrizionista azpeitiarraren eskutik, eta aste honetan Azpeitiko Azoka Plazaren txanda izango da. Ostiralean, uztailaren 11n, 17:00etan hasita eskainiko dute sukaldaritza tailerra han Otegik eta Aizpuruk. Azokatik Plazara egitasmoko gainerakoak bezala, ordu erdi inguruko doako saioa izango da ostiralekoa, eta parte hartu nahi dutenek ez dute aurrez izena eman beharrik. "Tailerra herritar guztiei irekia izango da, eta parte hartzeko nahikoa izango da azokara gerturatzea eta bertan jarriko diren aulkietan esertzea", azaldu dute antolatzaileek.

Azokako produktuekin plater bat prestatzeaz gain, elikadurarekin eta eguneroko otorduekin lotutako aholkuak emango dituzte tailerrean, eta Azokatik Mahaira egitasmoaren barruko sukaldaritza tailerretan egin eta egingo dituzten errezetak eta nutrizio aholkuak ere banatuko dituzte bertaratzen direnen artean. Eta bukatzeko, sukaldean prestatutakoa dastatzeko aukera ere izango da.

Erlazionatuak

Joan-etorri etiko eta osasuntsua

Maddi Txintxurreta (Gipuzkoako Hitza) mai 24 Ekonomia

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide