Merlierrek irabazi, Philipsenek agur, eta Pourra eguneratuta

Erredakzioa 2025ko uzt. 7a, 18:05

Tourraren hirugarren etapa esprintean erabakitzea espero zutenek ez dute huts egin. Pelotoiko gizon azkar gehienak sartu dira garaipenaren borrokan gaur Dunkerkeko helmugaratzean, eta Tim Merlierrentzat (Soudal Quick Step) izan da sari potoloa. Garaipenaren borroka horretara ez da iritsi Jasper Philipsen: Alpecin-Deceunick taldekoa, lehen etaparen garailea eta maillot berdeare jabea, erori eginda, min hartu du, eta agur esan dio Tourrari.

Lehen egunean esan bezala, Pourran taldea aurkeztu dutenen artean bosgarren txirrindulari aukeratuena da Philipsen: 300 taldetatik 231n ageri da haren izena. Merlier ere aukeratuenen zerrendaren goiko aldean dabil: 142 taldetan dago, zortzigarren aukeratuena izan da aurten, eta esprinterren artean hirugarrena, aipatutako Philipsenen eta gaur Merlierrekin borroka estuan bigarren izan den Milanen atzetik –Lidl-Trek taldeko italiarra seigarrena da Pourrako txirrindulari aukeratuenen zerrendan, 187 taldetan dago–.

Mathieu Van der Poelek maillot horiari eutsi dio Dunkerken, baina Tourrean ez bezala, Gukaren Pourraren buruan aldaketa ekarri du hirugarren etapak: Peskaterue taldea dago orain lehen postuan. Honela dago taldeen sailkapena gaurkoaren ondoren; eta honela, sarituen behin-behineko zerrenda.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide