Puntako bederatzi errekortari ariko dira Azpeitiko zezen plazan Santio Egunez

Maddi Txintxurreta 2025ko uzt. 14a, 18:41

Zezen Beltz elkarteko kideak, Santio Egunean egingo den Errekortari txapelketaren aurkezpenean. (M. Txintxurreta)

Euskal Herriko hiru errekortarik eta Toropasion taldeko beste seik parte hartuko dute uztailaren 25ean, ostiralez, Azpeitiko zezen plazan egingo duten Errekortarien txapelketan. Sarrerak bihar jarriko dituzte salgai.

Uztailaren 25ean, Santio Egunez, 18:00etan, izango da aurtengo Errekortarien txapelketa Azpeitiko zezen plazan, Toropasion enpresak eta Zezen Beltz Azpeitiko elkarteak antolatuta, eta Azpeitiko Udalak lagunduta.

Puntako bederatzi errekortarik parte hartuko dute txapelketan, antolatzaileek gaur, astelehena, zezen plazan eskaini duten aurkezpenean azaldu dutenez. Horietatik, euskaldunak izango dira hiru:  Sergio Valle, Mikel Vallejo eta Ander Martinez. Gainontzekoak, Espainiako Estatuko hainbat hiritan errekortari txapelketak antolatzen dituen Toropasion taldekoak izango dira.

Kanporaketak

  • Lehen fasean, bederatzi parte hartzaileak hiru multzotan banatuko dira, eta hiru zezen aterako dituzte. Talde bakoitzeko onena final handirako sailkatuko da.
  • Ondoren, final handian, errekortariak parez pare neurtuko dira.
  • Bakoitzak errekortea gutxienez behin egin beharko du, hori baita lehiaketa mota honen funtsa. Horrez gain, libre izango dira nahi adina errekorte edo jauzi egiteko.

Uztaien eta jauzien erakustaldia

  • Uztaien erakustaldian Xabier Iturralde (Azpeitia) eta Javier Soler (Canet, Valentzia) ariko dira, txapelketa nagusiaren ondoren.
  • Toropasion finkako zezen ikusgarri baten aurrean, jauzien erakustaldia egingo dute puntako jauzilari batzuek.

Parte hartzaile batzuk

  • Eusebio Sacristan Use (La Seca, Valladolid, Espainia). Espainiako Txapelketako irabazlea 2016an, 2017an eta 2018an. Azpeitiko txapelduna iaz.
  • Javier Hernandiz (Montroy, Valentzia). 2023. urteko Espainiako txapelduna.
  • Israel Perez Ruso (Casas de Don Gomez, Caceres, Espainia). Valentziako Falletako irabazlea 2025ean.
  • Daniel Alcala Chiquitin (Caceres, Espainia)
  • Jorge Gomez (Bercial, Segovia, Espainia).
  • Ander Martinez (Aretxabaleta, Gipuzkoa).
  • Mikel Vallejo (Gasteiz, Araba). 2023ko errekortari txapelketako errekorte onenaren saria.
  • Paquito Murillo (Madrid, Espainia).
  • Sergio Valle (Gasteiz, Araba).

Sarrerak salgai gaurtik

Hilaren 25eko errekortarien saiorako sarrerak salgai bihartik (uztailak 15) aurrera salgai jarriko ditu Zezen Beltz elkarteak:
  • Azpeitian Pastorkua, Mendizaleak, Berdie, Jim Clark, Eguzkitza, Etxe Zuri eta Kantoi tabernetan, eta Azkoitian, Elurre kafetegian.
  • Udaletxeko arkupeetan: uztailaren 18an eta 24an (18:30-20:00) eta 19an (12:00-14:00).
  • Ekitaldiaren egun berean, 17:00etatik aurrera, zezen plazan.
Sarrerak aurretik erostea gomendatzen da. 0-4 urtekoek doan izango dute sarrera, eta besteek, 12 eta 25 euro artean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide