Darahli elkarteak sustatzen duen Oporrak Bakean programaren eskutik eskualdera etorri diren haur sahararrei ongietorria emateko ekitaldia antolatu dute zapaturako Azpeitian.
Joan zen ostegunean Saharako errefuxiatuen kanpalekuetako 30 haur iritsi ziren Urola Kostara, eta bertan igaroko dute uda, desertuko baldintza gogorretatik salbu. Horietatik hamar Azkoitia, Azpeitia, Zestoa eta Zumaiako familietan daude, eta beste hogei Darahlik Larrabetzun (Bizkaia) antolatzen dituen udalekuetan egongo dira hilabete eta erdiz. Guztira, 60 bat boluntario izango dira txandaka Bakeleku udalekuetan, horietako batzuk azpeitiarrak.
Haur horiei guztiei ongietorria emateko ekitaldia egin zuten astelehenean Zumaian, atzo Zestoan ere bai, eta gauza bera egingo dute Azpeitian larunbatean. Haur guztiak eta haien harrerako familiak plazan elkartuko dira 11:30ean, eta harrera egingo diete Azpeitiko nahiz Azkoitiko udal ordezkariek, igandean Azkoitian jarraituko baitu festak. Harrera ekitaldiaren ostean, jolasak eta askotariko tailerrak izango dituzte, eta ondoren, bazkaria egingo dute, arratsaldeko apar festarako indarrak hartzeko.
Darahli elkarteak azaldu duenez, festa eta Mendebaldeko Sahararen aldeko aldarria uztartu nahi dituzte asteburuan Azpeitian eta Azkoitian antolatutako ekintzekin. "Herritar guztiak gonbidatu nahi ditugu asteburuan gugana hurbiltzera, jarduera desberdinetan parte-hartzera eta saharar herriaren errealitatea hobeto ezagutzera", adierazi du.
Aurten beranduago
Oporrak Bakean programarekin, guztira, 300 bat haur etorri dira errefuxiatuen kanpalekuetatik Euskal Herrira. Duela bi aste iritsi behar zuten, baina pasaporte kolektiboekin arazo burokratikoak izan dituzte, eta joan zen ostegunera arte atzeratu behar izan zuten bidaia.