San Inazio egunez Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan jokatuko duten esku pilota jaialdia aurkeztu dute. Jaialdian parte hartuko duten zortzi protagonistetako hiru izan dira aurkezpenean: Unai Alberdi Alberdi II.a zein Julen Egiguren Egiguren V.a pilotari azpeitiarrak eta Jokin Altuna Altuna III.a buruz buruzko aurtengo txapelduna. Hiru kirolariekin batera aurkezpenean parte hartu dute Ion Oteiza Kirol batzordeburuak eta Aimar Egiguren Ilunpe pilota elkarteko ordezkariak.
21:30ean hasita, eskuz binakako bi partida izango dira herriko pilotalekuan. Jaialdia bi herrikideren arteko lehiak irekiko du: Egiguren V.a Erostarberekin arituko da, eta Alberdi II.a, Ugartemendiarekin. Jaialdiko partida nagusian, berriz, hiru txapeldun ikusi ahal izango dituzte pilotazaleek kantxan. Altuna III.a buruz buruko txapeldunak nahiz Rezusta binakako txapeldunak osatuko dute bikote bat, eta bestea, Peña II.a sanferminetako lau eta erdiko txapeldunak zein Mariezkurrena II.ak.
Saninazioetako jaialdirako sarrerak salgai daude Entrada fronton atarian, honako lotura honetan. Kantxako sarrerak 30 euroan ari dira saltzen, eta 25 euroan, goiko solairukoak. Jaialdiaren egunean, pilotalekuko leihatilan ere salduko dituzte sarrerak.