Azpeitiko Udalak bat egin du UEMAk bihar eguerdirako deitu duen elkarretaratzearekin

Julene Frantzesena 2025ko uzt. 18a, 07:56

Azpeitiko udaletxearen etxaurrea.

Espainiako Auzitegi Gorenak, Voxen helegitea berretsi eta EAEko Udal Legearen hainbat artikulu baliogabetu dituelako egingo dute kontzentrazioa. 12:00etarako jarri dute hitzordua, plazan, udaletxe aurrean. Herritarrei kontzentrazioan parte hartzeko deia egin die erakundeak.

Azpeitiko Udalak bat egin du UEMAk bihar eguerdirako deitu duen elkarretaratzearekin. Espainiako Auzitegi Gorenak, Voxen helegitea berretsi eta EAEko Udal Legearen hainbat artikulu baliogabetu dituelako deitu ditu kontzentrazioa Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak; 12:00etan izango dira bilkurak, mankomunitateko bazkide diren udalerrietako udaletxeen atarietan.

Azpeitiko Udala UEMAko kide da, eta erakundeak azaldu duenez, "zuzenean" eragiten dio epaiak. Udalak bat egin du mankomunitateak atzo, ostegunez, Zarautzen egindako agerraldian adierazitakoekin, eta "kaltetu gisa" bat egiten du euskararen eta euskaldunen eskubideen defentsan deitutako kontzentrazioekin.

Herritarrei, euskaltzaleei nahiz euskalgintzako eragileei erasoa salatzeko eta euskararentzat justizia eskatzeko deia egin die erakundeak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide