Aurreko ostegunean Magdalenako baselizaren atarian lehen kontzertua eskaini ondoren, Udako Musika Printzak musika zikloaren bosgarren edizioko bigarren kontzertua izan zen atzo iluntzean. Easo Sinfonietta taldeak doinu ederrak eskaini zituen ikusleen gozamenerako, hain zuzen ere, Carl Reinecke alemaniarraren Flautarako kontzertua eta Manuel de Falla espainiarraren El amor brujo pantomima.
Enparan dorretxe atzeko zelaia izan zen hitzordu horretarako aukeratutako txokoa, eta bertan eskaini zuten kontzertua duela bi urte hainbat musika ikaslek eta musikari profesionalek sortutako taldeak. Jendearen erantzuna, berriz, bikaina izan zen, 150 pertsona inguru gerturatu baitziren emanaldira.
Gaurko lekua, erabakitzeko
Gaur amaituko da zikloa, hirugarren eta azken kontzertuarekin. Berez, atzo arratsaldeko leku berean ziren eskaintzekoak emanaldia, baina eguraldi iragarpen kaskarra dela eta, Sanagustin kulturgunean egingo dute. Kontzertuan, Mucalinda hirukotea izango da protagonista. Zehazki, flamenko fusioa jorratzen dute Daniel Ayala eta Igor Iturria gitarristek eta Alvaro Urbano perkusionistak, eta Azpeitian izango dira udako gau batez musika printzak eskaintzen.