Pogacarrek laugarrena zakura, eta Pourra eguneratuta

Erredakzioa 2025ko uzt. 18a, 17:37

2025eko Tourrean jaun eta jabe dela erakutsi du gaur ere Tadej Pogacarrek (UAE Team Emirates). Atzo Hautacamen, eta gaur Peyragudesen bukatu den kronoigoeran, aurkariak urruti utzi ditu esloveniarrak. Aurtengo laugarren etapa garaipena pilatu du gaurkoarekin eta bere laugarren Tourra irabazteko bidean itzal izpirik ez du ikusten, momentuz.

Atzo berreskuratu zuen lehen postua sendotu du Pogacarrek, eta Pourran ere ez da aldaketarik izan sailkapenaren buruan: Kinttela taldeak jarraitzen du gorenean. Ondoko estekan ikus daiteke taldeen sailkapena osorik; eta hemen, saridunen behin-behineko zerrenda nola dagoen.

Oharra

Gaurko etapari zegokionaz gain, beste bi eguneraketa egin ditu Gukak gaur Pourran, bi erabiltzailek zuzen eta egoki egindako zuzenketak jarraituz.

Batetik, hirugarren etaparen emaitza eguneratu du Gukak. Danny Van Poppelek zortzigarren gurutzatu zuen helmuga egun hartan, baina epaileek zigortu eta atzeratu egin zuten sailkapenean ondoren; Gukak aldaketa hori egin gabe zuen, baina gaur egin du. Bigarren eguneratzea atzoko etapari zegokiona da: etaparen hamargarren sailkatuari dagozkion puntuak Carlos Rodriguezi eman zizkion atzo Gukak, Cristian Rodriguezi eman beharrean.

Beraz, bi akats horiek zuzendu eta etapa horien sailkapenak eguneratu ondoren, eta gaurkoa gehituta, orain bistan den behin-behineko sailkapena da zuzena. Barkatu eragozpenak eta, beste edozein akats antzemanez gero, ez egin zalantzarik Gukari jakinarazteko.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide