Udako Musika Printzak zikloaren bosgarren edizioa hiru kontzertuk osatu dute. Hiru musika saio, herriko hiru tokitan. Hirurak izan dira erakargarri musikazaleentzat. Zikloaren hirugarren eta azken saioa atzo arratsaldean izan zen Sanagustin kulturgunean, Mucalinda hirukoteak eskainita. Flamenko fusioarekin gozatzeko aukera izan zuten kulturgunera joandako herritarrek.
Udako Musika Printzak jaialdiaren antolatzaileek atzo bertan erabaki zuten Bucalindaren saioa Enparan Dorretxearen atzeko zelaitik Sanagustin kulturgunera lekualdatzea, eguraldi iragarpenak kontuan hartuta. Bi leku, bakoitza bere ezaugarriekin, baina Sanagustinen ere bildu zen musikazale multzoa Mucalindaren doinuez gozatzera. Daniel Ayala eta Igor Iturria gitarra jotzaileek eta Alvaro Urbano perkusionistak hainbat pieza ezagun interpretatu zituzten beren bertsioak eginez, kontzertuaren entzuleak gozaraziz.
Hala, flamenkoaren doinuekin agurtu da aurtengo Udako Musika Printzak zikloa.
Aurreko ostegunean, uztailaren 10ean, hasi zen Magdalenako baselizaren atarian Udako Musika Printzak musika zikloaren bosgarren edizioa, Aire (H)ari bikotearen emanaldiarekin.
Herenegun, Magdalenako baselizatik Enparan dorretxearen atzeko zelaira lekualdatu zen musika zikloa, Easo Sinfonietta taldeak doinu ederrak eskaini zituen ikusleen gozamenerako, hain zuzen ere, Carl Reinecke alemaniarraren Flautarako kontzertua eta Manuel de Falla espainiarraren El amor brujo pantomima.