Pirinioetako hirugarren eta azken etapak, erreginak, albiste garrantzitsuak utzi ditu Tourrean. Eguneko ihesalditik biziraun duen txirrindulari bakarrak, Thymen Arensmanek (Ineos Grenadiers), irabazi du Luchon Superbagneresen, eta sailkapen nagusiko aurreneko biek, Pogacarrek eta Vinegaardek, osatu dute etaparen podiuma. Baina albistea sailkapen nagusiaren behin-behineko podiumean gertatu da: Tourmalet barrenean atzean gelditu, eta lasterketa uztea erabaki du Remco Evenepoelek, gaur arte Tourrean hirugarren sailkatuta zegoen gizonak.
Gukaren Pourran ere hirugarrena da Evenepoel txirrindulari hautatuenen zerrendan: 300dik 288 taldetan ageri da haren izena. Hain zuzen ere, Pourreko taldeetan gehien ageri diren hirugarren (Evenepoel), laugarren (Joao Almeida) eta bosgarren (Jasper Philipsen) txirrindulariek agur esan diote lasterketari. Evenepoelek ez ezik, Pourreko 50 taldetan ageri den Mattias Skjelmosek ere utzi egin behar izan du lasterketa gaur, erorketa baten ondorioz. Aldiz, gaur etapa irabazi duen Arensman ez du inork aukeratu Pourrarako.
Eta bost egunez lider bera izan ondoren, gaurko etapa eta gero aldaketa izan da Pourraren lehen postuan: Atten Paellie dago orain buruan. Honela dago gaur taldeen sailkapena; eta honela, sarituen behin-behineko zerrenda.