"Segurtasun indarren aldetik istiluak areagotzeko jarrerak ez dira onargarriak", udalaren ustez

Nerea Uranga 2025ko uzt. 20a, 13:58

Azpeitiko udaletxea. (Maialen Etxaniz)

Goizaldean Plaza Txikian izandako liskarren harira hitz egin du Nagore Alkorta alkateak. Gertaeren gaineko informazioa biltzen ari direla esan du, baina nabarmendu du udalak Udaltzaingoa babestu nahi duela, eta goizaldean ertzainek "neurriz kanpoko despliegea" egin dutela esan du.

Goizaldeko laurak aldera Enparan kalearen eta Plaza Txikiaren artean gertatutako liskarren inguruan hitz egin du Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak. Hark Gukari adierazi dionez, ertzainek pintaketa bat egiten ari zen pertsona bat identifikatu duenean hasi dira gertaerak. "Ertzainek pertsona hori identifikatu egin dute, eta Udaltzaingora jo dute laguntza eske. Udaltzainak bertaratu dira hara, eta jarraian, berriro Udaltzaingoaren egoitzara itzuli dira".

Segidan, Udaltzaingoaren Plaza Txikiko egoitzara "jende multzo handi bat" sartu dela esan du, eta egoera horretan, udaltzainek "babes falta" sentitu dutela azaldu du alkateak. "Adierazi nahi dugu gure Udaltzaingoa babestu nahi dugula, eta babesa adierazi nahi diegu atzo lanean ari ziren udaltzainei, baina gertaera horri lotuta esan, ondoren ertzainek neurriz kanpoko hedapena egin zutela". Azkenean, liskarrak udal ordezkari baten esku hartzeari esker baretu direla gaineratu du alkateak.

Atzo goizetik, "ertzainen ezohiko presentzia" zegoen herrian, udalak azaldu duenez, eta horren arrazoiak argitzeko lanean ere ari da erakundea. Alkortaren ustez, "segurtasun indarrek istiluak areagotzeko jarrerak izatea ez da onargarria". Gertu dira herriko festak, eta alkateak santioetan eta saninazioetan "elkarrekin errespetuz aritzeko" deia egin du, festa giroan sortzen diren tentsio egoerak baretzeko "arduraz eta erantzukizunez jokatzearen garrantzia" azpimarratuz. Tentsioa areagotzeko jarrerak ez direla onargarriak azpimarratu du Azpeitiko alkateak.

"Gertakari onartezinak dira"

Bestalde, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun sailak goizaldeko gertakariak gaitzetsi ditu, eta elkartasuna adierazi die Udaltzaingoaren nahiz Ertzaintzaren agenteei. "Gure gizartean lekurik ez duten eta elkarbizitzaren aurkako gertakari oso larriak eta onartezinak dira", salatu du Segurtasun sailak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide