Afrikako bi proiektutara bideratuko dute txekor pintxoekin biltzen duten dirua

Julene Frantzesena 2025ko uzt. 22a, 07:16

Mixio taldeko kideak txekor pintxoak prestatzen.

Mixio taldeak Santio egunez salduko ditu txekor erre pintxoak plazan. Bildutako dirua Kongoko Errepublika Demokratikoan haurreskola bat eraikitzera nahiz Kilimanjaroko herrixka batean energia berriztagarrien proiektu batera bideratuko dute.

Santio egunean txekor errea dastatzeko aukera izango dute aurten ere herritarrek, Azpeitiko Parrokiako Mixio taldearen eskutik. Santio bezperan hasiko dira txekorra erretzen, eta hurrengo egunean, okela pintxoak banatuko dituzte plazan.

Aurten, pintxoak salduz ateratzen duen dirua Afrikako bi proiektutara bideratuko du Mixio taldeak. Batetik, Kongoko Errepublika Demokratikoko Kisantu hirian nekazarien seme-alabentzako haurreskola bat eraikitzera eta martxan jartzera; eta, bestetik, Kilimanjaroko (Tanzania) Moshi herrixkako ikastetxean nahiz herrian bertan energia berriztagarrien proiektu bat martxan jartzea, biogasa erabiliz.

Kongoko proiektua Jesuiten Alboan fundazioa ari da sustatzen, eta Kilimanjarokoa, berriz, Misiones Salesianas komunitatea. Komunitate hortako kidea da Mikel Garmendia misiolari azpeitiarra, eta hark egingo du Azpeitiko taldearekin bitartekari lana.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide