Ertzaintzako Erne, Euspel eta Esan sindikatuek Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak igande goizaldeko istiluen ostean esandakoak gaitzetsi dituzte. Herriko gazteen kontra oldartu ziren ertzainen jarrera "neurrigabea" izan zela adierazi zuen Alkortak, eta adierazpenok "arduragabeak" direla salatu dute sindikatuek.
Erneren arabera, polizia agenteen kontrako indarkeria ezin da ez onartu, ez justifikatu, eta haiek erabili zuten indarra "proportzionaltasun, behar eta legezkotasun printzipioen araberakoa" izan zela ziurtatu du. Sindikatu horrek instituzio eta alderdi guztiei EAEko poliziaren lana era "irmoan eta argian" defendatzeko eskatu die. Galdegin du, halaber, agenteen segurtasuna babesteko neurriak indartu ditzatela.
Eskaera bera egin du Esan sindikatuak ere. Hain zuzen ere, gertatutakoaren aurrean, "gaitzespen publikoa, argia eta anbiguotasunik gabekoa" egiteko exijitu die Azpeitiko alkateari eta Udal Gobernuari. Esanen arabera, istiluen unean "200 pertsona baino gehiago" batu ziren Udaltzaingoaren egoitzaren inguruan, eta azaldu du udaltzainek "fisikoki eutsi" behar izan zietela erasotzaileei eta haiek "kolpeak, lesioak eta mehatxuak" jaso zituztela. Gertaera horien ostean udaltzainek ertzainei deitu behar izan zietela adierazi du, eta hainbat patruila bertaratu zirela.
Euspel sindikatuak, bestalde, baietsi du Ertzaintzaren hiru agente zauritu zirela igande goizaldeko istiluetan, eta ez bi, hasieran jakinarazi zuten moduan. Sindikatu horrek ustez ere "tamalgarria" da Azpeitiko Udalaren jarrera.