Atzoko atseden egunaren ondoren, Mont Ventouxeko gailur mitikoan bukatu da Frantziako Tourraren azken asteko lehen etapa. Valentin Paret Peintrerentzat (Soudal Quick-Step) izan da garaipena, helmugan bertan Ben Healeyri (EF Education-Easypost) aurrea hartuta. Sailkape nagusiaren borrokan, lehenengo biak elkarren atzetik helmugaratu, eta are gehiago ireki dute atzekoekiko aldea; saiatu da Jonas Vingegaard (Team Visma - Lease a Bike) erasoan, baina azkenean gaur ere segundotxo batzuk kendu dizkio azkenean Tadej Pogacar liderrak (UAE Team Emirates).
Gaurko irabazleak ez du punturik banatu Gukaren Pourran, ez baitago taldeak osatzeko aukeratutako 45 txirrindularien zerrendan. Aitzitik, lehen hamar postuetan sartu diren gainerako ia guztiek eman dituzte puntuak. Mathieu Van der Poel (Alpecin-Deceuninck) da aurten puntu gehiago emango ez duena, Tourra utzi baitu herbeheretarrak. Dena dela, Pourraren lehen postuari eutsi dio gaur Atten Paellie taldeak. Ondoko estekan ikus daiteke taldeen sailkapena osorik; eta hemen, saridunen behin-behineko zerrenda nola dagoen.