Foru Ibilbidearen itxiera dela eta, aldaketak izango dira autobus geralekuetan hilaren 25etik aurrera

Andoni Elduaien 2025ko uzt. 23a, 09:20

Foru Ibilbidea. (Azpeitiko Udala)

Uztailaren 25etik, egun hori barne, Julian Elortzako eta Tren Museoko autobus geralekuak saihesbidera aldatuko dituzte. Abuztuaren 5era arte utziko dituzte bi geraleku horiek bertan behera

Santioak eta saninazioak hasteko orduak eta egunak besterik ez dira falta, eta ohi bezala, herriko jaiek eragina izango dute trafikoan. Aurten ere Azoka Plazaren atzean kokatuko dute txosnagunea, eta, era berean, Astotegian ere festarako zenbait ekintza izango dira datozen egunetan.

Hori horrela, uztailaren 25ean itxi egingo dute Foru Ibilbidea, eta ondorioz, Julian Elortza kaleko eta Burdinbidearen Euskal Museoaren alboko autobus geralekuak bertan behera utziko dituzte. Lurraldebusek jakinarazi duenez, autobusek geldialdiak bi geraleku horietan egin ordez, saihesbidearen albokoan egingo dituzte, hain justu, museora joateko oinezkoentzako zubiaren parean. Aldaketak uztailaren 25etik abuztuaren 5era arte, asteartea, izango du eragina.  

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide