Gutuna

Konplexuak alde batera uzteko garaia da

Edurne Enparan eta Hegoa Larzabal udaleko Festa batzordeko EAJren ordezkariak 2025ko uzt. 24a, 09:47

Erakundeetako ordezkariak iaz Loiolan. (Nerea Uranga)

Edurne Enparan eta Hegoa Larzabal udaleko Festa batzordeko EAJren ordezkariek honako gutun hau bidali dute hedabideetara. Festen atarian, Udal Gobernuari hainbat kritika egin dizkiote.

Gainean ditugu saninazioak, eta festen inguruan egin dugun hausnarketa zuekin partekatu nahi genuke.

Programa bera aspaldi bihurtu zen ezker abertzalearen ekintzen eta aldarrikapenen bilduma bat. Beraz, ez gaitu harritu festari izena ematen dion pertsonaiaren irudi bakar bat ere ez azaltzeak. Bestalde, jaietan parte hartzen duten hainbat eragile ez dira azaldu ere egiten. Aniztasuna hitzean eta hortzean dute, baina programa gauzatzeko orduan udalak eragile guztiak ez ditu neurri berean tratatzen.

Gainera, adin bateko jendearentzat musika aldetik ia aukerarik ez dagoela esan daiteke. Eta programa erdaraz eta beste hizkuntzatan ikusteko sakatu behar den QR kodean sakatuz gero, 2024ko programa agertzen da. Hori hanka sartzea. Zer-nolako errespetu falta!

Txupinazoari buruz, berriz: zorionak, Kepa. Herriak estimu handian zaituela garbi ikusi da.

Herriko ohiturak eta protokoloak beren garrantzia daukate. Betidanik hartu izan dituzte udal ordezkariek Aldundiko zein Jaurlaritzako ordezkariak udaletxearen azpian, gero Loiolara joateko. Euskadin herri gutxi dira ordezkari horiek festetara joaten direnak, eta ohitura hori ezin dugu galdu. Udaletxea da herritarron etxea, beraz, han egin behar zaie ongietorria erakundeetako ordezkariei.

Garaian aldatu egin dira, baina, itxuraz, Azpeitian bakarrik; Azpeitian bakarrik utzi behar dira tradizioak alde batera. Bildu agintean dagoen beste hainbat herritar ez: Zumaian Udal Gobernuak parte hartzen du santelmoetako prozesioan; Orion Udal Gobernua mezetara joaten da; Iruñea aurten ere fraka eta txistera jantzita ikusi genuen Bilduko alkatea prozesioan eta zezenketan. Bada garaia udalak bere konplexuak alde batera uzteko.

Bukatzeko, inolako erasorik gabeko festak nahi ditugula esan nahi dugu. Bakoitzak bere erara, besteak errespetatuz, bakean eta alaitasunez disfruta ditzagula festak.

Halaber, esker ona adierazi nahi diogu Pili Arrieta udal teknikari izan denari, urte luze hauetan egin duen lanagatik. Faltan sumatuko zaitugu!

Ondo pasatu saninazioak!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide